argia.eus
INPRIMATU
Zezenketen aurka manifestatu dira ehunka lagun Bilbon
  • Joan den larunbatean, ekainaren 17an, Bilbon, Animalistak kolektibo antiespezistak Azken erasoaldia lelopean antolatu zuen manifestazioa.

Ilargi Manzanares 2023ko ekainaren 19a
Larunbateko manifestazioa. Argazkia: Animalistak.

Vista Alegre zezen plazaren jardunarekin bat egin zuten manifestari antitaurinoak larunbatean Bilbon. Moyuatik Arriagara ibili ziren, eta euren manifestua bertan irakurri zuten.

Zezenketek “Bilboko gehiengo sozialaren interesen aurkako babes politiko eta materiala" jasotzen dituztela salatu zuten, “ehunka zezenen sufrimendua eta hilketak posiblea eginez”. Manifestariak Bilboko alkate Juan Mari Aburtori zuzendu zitzaizkien: “Aburto, hilketekin ez dugu ongi pasatzen”.

Zezenketen aurka egiteaz gain, gizartearen espezismoa salatu zuten: “Gizarteak gizakiak ez diren animaliak hezten ditu euren sufrimenduarekin dibertitzeko, larruz janzteko eta euren gorputz eta jariakinekin elikatzeko”. Halere, errealitatea aldatzen ari dela aitortu zuten, zezenketek gero eta publiko eskasagoa dutelako, eta badirudielako goizago edo beranduago amaituko direla. Mugimendu antiespezistaren lorpena ere badela azpimarratu zuten.