Espainiako Kultura Ministerioak kaleratutako inkestak dionez, jende gutxi hurbildu zen zezenketak ikustera urte osoan.
Argitaratutako datuek diotenez, 0-10 bitarteko kalifikazioetan, interes mailarik baxuenetarikoa dute hegoaldeko euskal herritarrek zezenketen inguruan. Euskal Autonomia Erkidegoan batez bestekoa 1,5 da, eta %76,2k adierazi du bere interes maila 0-2 artekoa dela. Nafarroan, berriz, %53,8 da interes maila horietan dabilena, eta bataz bestekoa 3,3 da.
Nafarroako zenbakiek zeresana eman dezakete. Izan ere, Iruñean plaza handia dute zezenketek, entzutetsuak diren entzierroek jende ugari biltzen dutelako. Hala ere, datuek diotenez ehun nafarretik 25 joan dira edozein zezenketa motara urte osoan. EAEn txikiagoa da kopurua: ehun pertsonatik 6. Bilboko Aste Nagusian antolatutako zezenketetan inoiz izan diren daturik eskasenak eman ziren, eta argitaratutako inkesta honek abuztuan ikusitakoari jarraipena ematen dio, euskal gizarteak zezenketak gero eta gutxiago jarraitzen dituela erakutsiz.
Espainiako Estatuari dagokionez, zezenketetara hurbildu diren gazteak ere oso gutxi dira: 15 eta 24 urte bitartekoen artean ez dira ehunekoen hamarrera iristen. Hurrengo adin tarteen datuak ikusiz, datua ez da hobea, helduen artean ere ez baita %10eko langa gainditzen.