Donostiako Udalak zezenketak berreskuratu ditu Aste Nagusian. Oraindik programa ofiziala argitaratu ez badute ere, El Diario Vasco egunkariak baieztatu du itzulera.
Bilduren gobernuak zezenketak eten zituen orain hiru urte eta EAJko Eneko Goia alkate berriaren lehen neurrietako bat izan da. Zantzu guztien arabera, Chopera familia arduratuko da zezenketak antolatzeaz. Change.org gunean sinadura bilketa abiatu dute zenzenketen aurka.
"Hiria Antitaurino deklaratzeaz gain, praktika zaharkitu eta krudel hau gure hirian ez onartzea eskatzen diogu udala hartu berri duen gobernuari", diote eskaeran. "Ez dago inongo arrazoirik gizakion antzera sufritu eta sentitzen duten animaliak erailtzeko, etikak etekin ekonomikoaren gainetik jokatu behar baitu. Gizakiak ez diren beste animalia guztiak guk bezala bizi nahi dutela, aske izan nahi dutela ulertu behar dugu eta hori aplikatu, gizarte bezala aurrera egiteko, gizarte justu eta parekideago bat sortzeko".