argia.eus
INPRIMATU
Zezenketak debekatu dituzte Gijonen, toreatutako bi animaliari ‘Feminista’ eta ‘Nigeriano’ izenak jarri ondoren
  • Ana González hiriko alkateak salatu du “giza eskubideen aurkako ideologia bat hedatzeko” erabili dituztela zezenketak. Horregatik, Udalak ez du berrituko plaza erabiltzeko emandako kontzesioa. Tauromakiaren inguruko elkarteek azaldu dute Feminista eta Nigeriana zezen arrazen izenak direla eta horregatik erabili dituztela.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko abuztuaren 20a
David Fandila, 'El Fandi', zezenketa batean. Argazkia: Pablo Cobos

Gijonen (Asturias) debekatu egin dituzte zezenketak. Hiriko alkate Ana Gonzálezek (PSOE) asteazken honetan iragarri du erabakia. Abuztuaren 13, 14 eta 15ean Begoñako feria ospatu zuten El Bibio zezen plazan, eta igandean egindako zezenketa izan zen azkena. Toreatzen hil zituzten bi animaliari Feminista eta Nigeriano izenak jarri zizkieten, eta horrekin, Gonzálezek zeharkatu ezin diren hainbat “marra gorri” gurutzatu zituztela salatu du.

2016tik emanda zuen Gijongo Udalak El Bibion zezenketak antolatzeko kontzesioa. Baina ez dute kontratua berrituko. Tauromakiaren kontrako ahotsak aspalditik zabaldu dira hirian, baina alkatearentzat gertakari hau nahikoa izan da zezenketak debekatzeko erabakia aurreratzeko. Ospakizunak tinte ideologiko garbia hartu duela salatu du, “giza eskubideen aurkako ideologia bat hedatzeko” erabili baitute. Gaineratu du “emakumeen eta gizonen berdintasunean eta integrazioan sinesten duen hiri batek” ezin duela halakorik onartu.

Tauromakia defendatzen duten elkarteek erabakiaren kontra egin dute. Haien ustez, zezenketak debekatzeko hautua duela asko hartu zen, eta igandean gertatutakoa “aitzakia” gisa erabili du Gonzálezek hori lortzeko. Lidiako Zezen-hazleen Batasunak komunikatu batean azaldu du zezenei izen horiek jartzeak azalpena duela: Feminista eta Nigeriana izeneko arrazetatik datoz animaliak, eta Lidiako zezenak izendatzeko arautegiak behartu egiten dituzte izen horiek jartzera. Debekua alkateak abeltzaintzan eta landa munduan duen “ezjakintasunean” oinarritzen denez, berau zuzentzeko eskatu diote Udalari.  

Eskubideen aurka doa

Lidiako Zezena fundazioak, berriz, pauso bat harago jo du. Elkarteak azaldu du Gonzálezek nahita eta modu “totalitarioan” jo duela kultura ulertzeko modu ezberdinen kontra. “Talibanek Bamiyaneko budak suntsitu zituzten arrazoi beragatik eraitsi nahi du Gijongo alkateak tauromakia, haien ustez, kultura adierazpen horiek immoralak direlako”. Nazioartean, “gutxiengoen eta herri autoktonoen kultura” errespetatu egin behar dela azaldu du UNESCOk, eta Espainiako Gobernuak, 18/2013 tauromakia legean, zezenketak gizateriaren ondare direla kontsideratu du. Hori argudiatuta, administrazio publikoari  laguntza eskatu dio fundazioak ustez beren eskubidea dena defendatzeko.

Pablo González PPko presidentea bat etorri da tauromakiaren aldeko elkarteekin. PSOEren erabakia “inposizio ideologikoa” iruditu zaio politikariari: “Sozialismo erradikalenak gijondarren eskubideak mugatu nahi ditu”. Zezenketak berriro antolatu daitezen sinadura kanpaina bat abiatuko dutela iragarri du.