argia.eus
INPRIMATU
Zestoako Gaztetxearen desalojoa geratzea lortu dute
  • Uztailaren 19an, 8:00etan zegoen gaztetxea husteko agindua emanda. Momentuz, lortu dute desalojoa atzera botatzea. Zestoako Gazte Asanbladak Bilboko Aresti Zentro Sozialistaren desaloa jasan zutenei elkartasun osoa adierazi die.

Manex Usarralde Garmendia 2024ko uztailaren 19a
“Batu Gaztetxea Defendatzera” aldarrikatuz atera duten pankarta. Argazkia: Gedar

Zestoako (Gipuzkoa) Gaztetxearen inguruan ehunka gazte bildu dira desalojoa gelditzeko asmoz, ostiralean. Gaztetxearen hustea 8:00etarako zegoen aginduta. Gazteek hainbat pankarta atera dituzte gaztetxearen aldeko aldarrikapenekin: “Batu Gaztetxea Defendatzera” eta “Desalojoa Gelditu, Batu Borrokara”.

Goizean goizetik ehunka gazte zeuden Gaztetxe aurrean. Ez da inongo istilurik egon, eta ez Polizia ez segizio judiziala ez dira bertaratu. Zestoako Gazte Asanbladak jakinarazi du desalojoa atzeratu egin dutela.

Gazte Asanbladak aldarrikatu du: “Zestoan gertatutakoak berriz frogatu du espazio politikoen defentsa soilik antolakuntzaren bitartez berma daitekeela”. Horretaz gain, elkartasun osoa erakutsi diete atzo Bilboko (Bizkaia) Aresti Zentro Sozialistaren desalojoa jasan zuten kideei eta arriskuan dauden gainerako Gaztetxeetako kideei; hala nola, Burlata (Nafarroa), Zornotza (Bizkaia) edota Lizarra (Nafarroa).