Zestoan (Gipuzkoa), 2024ko irailaz geroztik, baliabide ekonomiko urriko haur eta gazteak bost kultur eta kirol ekintzen artean bat aukeratu, eta horretan doan aritu daitezke. Udalak dirulaguntzen araudia berritu du, haurren aisialdia eskubide bat dela argudiatuta. Aldaketarako proposamena herriko Euskara Forotik heldu da.
Urte batzuk atzera egin behar da. Zestoan, %78,3ko (2021eko kale neurketa) euskara-erabilera duen herrian, udalaren, elkarte batzuen eta herritarren ekimenez Euskara Foroa abian jarri da. Kezka bat partekatzen dute: euskararen erabilera behera egiten ari da, eta batez ere umeek eman dute arreta; parkean eta kalean, aspaldiko urteetan ez bezala, gaztelaniaz ere ari dira. Foroak ikusi du haur-gazteek euskarari errazago eusten diotela antolatutako ekintzetan. Eskolaz kanpoko jarduera horiek gainbegiratzen hasi dira eta konturatu dira haur guztiek ez dutela parte hartzen, hau da, baliabide ekonomiko gutxiko familiek ezin dietela euren haurrei halako aisialdirik eskaini.
Euskara Foroak eskaera egin dio udalari: euskararen erabilera bultzatzeko eremu garrantzitsuenetarikoa da aisialdia eta ezin dira herritarrak esparru horretatik kanpo utzi arrakala ekonomikoagatik.
Proposamena jasota, Euskara, Kirol, Gazteria eta Ongizate Sailak elkarlanean hasi dira, eta emaitza araudia aldatu eta dirulaguntza lerro berri bat sortzea izan da. Helburuak bi dira. Batetik, baliabide ekonomiko ezagatik aisialdia ordaintzeko modurik ez daukaten familiak babestu nahi dira. Ume-gazteek aisialdiaren beharra dutela aldarrikatu dute, eta eskubide moduan kokatu. Nerea Goikoetxea zinegotzia Gazteria, Gizarte harremanak eta berdintasun batzordeko burua da: “Gure ustez, aisialdia herritarrak bertakotzeko edo komunitatean parte hartzeko tresna da, gaitasun sozialak lantzeko, konfiantza hartzeko, ondo pasatzeko, eta euskaraz egiteko. Haur guztiak toki berean elkartzen dira”. Bestetik, hizkuntzaren erabilera sendotu nahi da. Goikoetxeak gogorarazi du euskara bultzatzeko baliabide asko egon daitezkeela, baina komunitateak eskaintzen dituen baliabideak erabili behar direla: “Badira euskara hobetzeko berariaz sortutako haurrentzako jarduerak eta bere egitekoa dute. Alabaina, hizkuntza komunitatearekin lotu behar dugu. Haurrentzat eremu natural diren horietan euskara txertatzeko ahalegina egin behar da”. Dena den, dirulaguntzak baliatuko dituzten umeentzat lehen hizkuntza euskara izan daiteke, gaztelania edo beste hizkuntzaren bat.
Zer du bereizgarri
Orain arteko dirulaguntza lerroen aldean, diferentzia da gaur egungo araudia irekia dela. Goikoetxeak adibide batekin azaldu du desberdintasuna: haur batek etxean esan dezake antzerkian izena eman nahi duela. Gurasoek erantzungo diote ez daukatela horretarako dirurik eta haurra antzerkirik gabe geldituko da, edo bestela, udalera joko dute dirulaguntzarik dagoen galdetzera. Goikoetxearen ustez, oso zaila da horrelako egoera zehatz batean gurasoek udaleko atea jotzea, eta ia beti haurra galtzen aterako da. Orain ibilbidea bestelakoa da: familiek badakite doako jarduera batzuen artean aukeratu dezaketela. Garrantzi handia eman diote informazioa helarazteko moduari. Araudi aldaketaren berri emateko ikastetxera eta gurasoengana ahalik eta gehien hurbildu da udala. Zestoan hiru ikastetxe daude, Arroabea eta Aizarna auzoetakoak eta herrigunekoa. Hiruretan dirulaguntza lerroaren berri eman dute irakasle klaustroetan eta irakasleek guraso bilerak baliatu dituzte informazioa emateko. Esku-orriak banatu dituzte eta Guraso Elkarteak Whatsapp taldeetan zabaldu du informazioa. Goikoetxeak argi dauka: “Araudi politak atera, baina gero ez bagara jendearenagana iristen, alferrik da”.
2024ko ekainean dirulaguntza lerro berria abian jarri zenetik, Zestoako haur guztiek eskola kirola eta Kirolaz Josta egitasmoez gain (haur bakoitzak 30 euro ordaindu behar ditu, baina dirulaguntza lerro berriak horiek ere laguntzen ditu), eskolaz kanpoko beste ekintza batzuetan parte hartzeko aukera daukate. Udalarekin hitzarmena egin duten herriko elkarteak hauek dira: Abantzu Pilota Elkartea, Bertso Eskola, Interpretazio Eskola, Itxaropena Dantza Taldea eta Futbol Eskola.
Orain arte 30 dirulaguntza eskaera egin dituzte familiek. Bi atzera bota dira laguntza eskatzeko baldintzak ez dituztelako betetzen. Futbolean hamasei neska-mutilek eman dute izena, antzerkian zazpi dabiltza, dantzan lau eta pilotan batek eman du izena. Udalean gustura daude emaitzarekin. Hala ere, proba pilotutzat dute 2024-2025 ikasturtekoa, eta amaieran balantzea egingo dute. Ziur daude zer hobetua egongo dela eta adibide bat kontatu du Goikoetxeak hori baieztatzeko. Euskaraz ondo moldatzen ez den neskato batek jarduera horietako batean eman zuen izena ikasturte hasieran. Badakite hasi eta berehala utzi zuela. Ez dakitena da zergatik utzi duen: “Jarduera ez bazaio gustatu, ondo, baina hizkuntzarekin arazoak dituelako izan baldin bada, pentsatu behar dugu nola moldatu, edo gurasoren batek edo bere lagunen batek lagunduta... Aztertu behar da hizkuntza trabek zein eragin duten”.
Herrian euskararen erabilera handia da eta bideratutako aisialdi-jardueretan ere ohikoena da euskaraz aritzea, bai monitoreak baita haurrak ere. Hauteman dute, adibidez, eremu ez-formaletan gaztelaniaz edo beste hizkuntza batean egiteko joera duten haurrek bideratutako aisialdi-jardueretan euskaraz egitera jotzen dutela.
Aurrera begirako erronken artean Musika Eskola dago. Lehenengo ikasturte honetan ez diote gaiari heldu, eskolak garestiak direlako, baina udala jakitun da ume-gazte askoren grina izaten dela instrumenturen bat jotzea.