argia.eus
INPRIMATU
Zestoako alkatea salatu du ELAk Lan Ikuskaritzan, zezen plaza muntatzeko lanak hasteagatik
  • Sindikatuak azaldu duenez, greban dagoen udal langile brigadari dagokio zezen plaza muntatzea, baina horren ordez "zezen zale elkartekoak ari dira alkatearen laguntza zuzendarekin". ELAren ustez langileen greba eskubidea urratzen ari dira eta Lan Ikuskaritzaren esku jarri du haien kontrako salaketa.

ARGIA @argia 2022ko abuztuaren 17a
(Argazkia: ELA)

Aste gutxi barru izango dira Zestoako jaiak eta zezen plaza muntatzeko agindua emana du Zestoako Udalak. Baina uztailaren 13az geroztik udaleko behin behineko langileak greban dira, baita urtero zezen plaza muntatzeko ardura duen Udal Brigadako burua ere.

Hala, ELA sindikatuaren esanetan, "muntaketa lan hauek zezen zale elkartekoak burutzen ari dira herriko alkatearekin laguntza zuzenarekin", eta bere ustez Eusko Jaurlaritzak emandako gutxieneko zerbitzuen inguruko agindua urratzen ari dira, baita "langileen grebarako eskubidea" ere.

ELAk salaketa jarri du Zestoako alkatearen eta beste hainbat herritarren aurka Lan Ikuskaritzan, eta Zestoako Udalari eta "alkateari bereziki", eskatu diote "hausnartu dezala zertan dabilen langileen eskubideen aurka eta atzera egin dezala".

Udal langileen greba luzatzen ari da. Zestoako Udal Gobernuak uztailaren 30ean oharra kaleratu zuen grebalariak mahai negozitzailea utzi izana arbuiatu eta alkatearen kontrako "deskalifikazio pertsonalak" deitoratuz. "Helburua udalari ahalik eta kalterik gehien egitea dela dirudi eta herritarrek ez dute errurik", dio oharrean.