argia.eus
INPRIMATU
Zesarea programatuetan lagunduta sartu ahal izatea lortu dute Galizian
  • Ama talde baten borrokari esker, zesarea programatuetan emakumeak bakardadean ez erditzea eta bikotekideak edo konfiantzazko pertsona batek lagundu ahal izatea lortu dute Galizian. Euskal Herrian ere, laguntzailearekin erditu ahal izatea eskatzen du ahots ugarik.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko irailaren 27a

Erditze kirurgikoak oso ohiko bihurtu dira, eta leku ugaritan zesareak iraun bitartean ebakuntza gelatik kanpo itxaron behar izaten du laguntzaileak. Gainera, erditze osteko osatze orduetan emakumea bakarrik egotea ere ohikoa da. Zesarean laguntzailea emakumearekin batera egotea eta erditu ostean umea amarengandik ez banantzea, bi konpromiso horiek beteko dituzte Galiziako hainbat ospitalek, ama talde batek egindako presioari esker.

Eredu humanistarantz

Erditze humanista aldarrikatzen duten ahotsak ez dira gutxi. Indarkeria obstetrikoaren berri eman du aurten Estitxu Fernandez psikologo perinatalak, Eusko Legebiltzarrean, eta bakarrik erditzea eta zesarearen ostean ama eta umea banantzea indarkeria dela nabarmendu du. Garbi du Fernandezek: eredu humanista baterantz joan behar dugu pixkanaka, eta horretarako hainbat pauso eman ditzakegu. Hasteko, garai perinatala (haurdunaldia, erditzea eta erdiondoa) ulertzea garai zaurgarri bat bezala, "urteak direlako badakigula erditzea uste baino prozesu konplexuagoa dela, prozesu psikologiko eta hormonal oso sakona".

Eta eredu humanistarantz egiteko beste gako garrantzitsu bat: umea eta emakumea subjektu direla ulertzea, eskubide guztiak dituzten subjektuak; "makinek eta teknologiek ematen duten informazioa baztertu gabe, baina beti dago gainetik errespetatzea emakumeen eta umeen desirak, pentsamenduak, emozioak eta beharrak. Eredu zientifikoak egiten du erditze fisiologikoaren alde, eta eredu humanista fisiologikotik harago doa, emakumearen alde egiten du".