argia.eus
INPRIMATU
Zerua bertsotan, gu belarretan
  • Zergatik irudikatzen dugu denbora-lerroa zuzen? Zuzen-zuzen, gauza gutxi, lautadetako autopista infinituak, adibidez. Baina bizitza ez, bizitza bihurgunetsua da, eta hainbatetan, espiralak ditu maite, biraka aritzeko. Horietako batean gaude: aurtengoa bukatzen ari gara eta, aldi berean, hasiera ematen ari gatzaizkio hurrengo kanpainari. Esnea gero eta urriagoa den garaian, negurako belarrak amets, datorren urtean arkumeak eta esnea izatekotan.

Josebe Blanco Alvarez 2023ko ekainaren 12a

Negu-udaberrian, esperantza lurra bezain lehor genuen. Maiatzak, biak busti; eta belarretan hasteko garaia hemen. Egunean zehar eguraldiari behin baino gehiagotan begiratzen diogun arren, nahikoa ez, eta irratia piztu behar. Planak gauzatzearen misterioa zeruak ezarritako baldintza hipotetikoaren lainotan ezkutatzen da. Eguraldia da aginte ia bakarra.

Eguraldiak betetzen digu egutegia, eta horren gainetik ezer gutxi, larrialdiren bat, agian. Asko baitugu jokoan. Dena. Artaldearen existentzia bera. Belarrik izan ezean, neguan zer jango ardiek, bada? Erosteko aukera beti dago, noski. Zein preziotan, ordea? Eta belarraren kalitatea?

Historiak erakutsi digu baserriak bere burua mantentzeko ahalik eta autonomoen izan behar duela. Egun ere, lege hori oso presente dugu parajeotan.

Orain dela aste batzuk, Nafarroa Garaitik heldutako mezua: lehortea dela eta datorren urterako bazkarik ez dela izango Gipuzkoako abeltzain ekologiko guztientzat. Beraz, aurtengo belarra inoiz baino garrantzitsuagoa da.

Gerta liteke hurrengo kanpaina zerealik gabe pasatu behar izatea. Nola eutsiko diote ardiek zereal nahasketak ematen dituen indarra eta energiarik gabe? Beharbada, pentsatu beharko dugu Euskal Herriko edo inguruko lurraldeetako nekazari txikiei erosi beharrean, urrutiko zerealak ekarri beharko ditugula? Zein baldintzatan? Eta prezioa?

Galdera gehiegi bizitzaren kartografiarako. Oraingo zeruan baino ezin irakurri datorren urteko mapa. Halere, badut kezka bat.

Lagun batek dio orain ez bezala, lehengo hodeietan idatzitako mezuak argiak eta espero zitezkeenak zirela; ziklikoak. Orain, aldiz, eguraldiarekin –eta ondorioz, naturarekin– dena dela inprobisazioa, ez bertsolariena bezalakoa, baizik eta inprobisazio inprobisatu eta deskonpasatua. Ez erritmo, ez errima.

Bertsolariek, teknika eta erritmo jakin batzuk erabiliz, hitzekin marrazten dituzte mapak. Bertan irakurgai daude bizitzak dituen kiribilak, ez dago lerro zuzenik. Izan ere, bertsoak, izango bada, biribiltasuna eskatzen du.

Zerua bertsotan nahiko nuke, borobil, guk belarretan egiteko.