Kataluniako hauteskunde kanpainaren erdian AEBetako presidente Barack Obamak eztabaida sortu du “Espainia indartsu eta bateratuaren” aldeko deiarekin. Media.cat webguneak argitaratu dutenez, Moróngo base militarraren truk egin ditu adierazpenok presidente estatubatuarrak.
Espainiako Gobernua nazioarteko babesa bilatzen ari da Kataluniako hauteskundeei begira. Zenbait potentzien babesa “doan” jaso badu ere, Erresuma Batuarena edo Alemaniarena kasu (interes komunak dituzten gobernuak izanik), ez da berdina gertatu AEBekin, komunikabide katalanak adierazi duenez.
PPren gobernuak Andaluziako Morón 2 basearen erabilpen militarra Washingtonen esku utzi duela erakutsi du El Mundoren erreportaje batek. Gobernuak uda aurretik sinatu zuen akordioa, informazioaren arabera.
Base militarraren %20 utzi dute AEBen esku, zenbait iturriren arabera, eta eremua “lurralde amerikar” izatera pasa da. Uztailean Defentsarako Kooperazioaren Hitzarmena aldatu behar izan zuten horretarako, PP, PSOE, UPyD eta CiUren aldeko botoekin. Garai horretan inork ez zituen akordioak Kataluniako egoerarekin lotu.
Uztaila bukaeran Obamak Felipe VI.a Espainiako erregea gonbidatu zuenean hasi ziren hainbat medio base militarraren negoziazioaren atzean zegoenaz susmatzen. Públicok gonbidapena negoziazioen ondorengo “saritzat” hartu zuen orduan.
Etxe Zurian jaso zuen AEBetako presidenteak Felipe VI.a irailaren 15ean, eta bertan egin zuen hautsak harrotu dituen adierazpena.