Nabarmena da azken urteotan Euskal Herriko hamaika txokotan bestelako kontsumo ereduak bultzatzeko egitasmo ugari ari dela sortzen: kontsumo taldeak, kooperatibak, dendak… abian jartzen diren proiektu guztiek, ordea, ez dute beti lortzen denboran irautea eta hasierako helburuetara iristea. Zergatik, baina? Zertan egiten dugu huts? Maiatzaren bukaeran jakinarazi zien bazkideei Labore Bilbok ateak itxiko zituela, bost urteko ibilbide “zoragarri” bezain “gogorraren” ondoren. Antzeko beste egitasmoentzako baliagarri izan daitekeelakoan, haien esperientziatik ikasitakoak konpartitu dituzte.
Bertako produktuak eta kalitatezkoak eskuratzeko Bilbon zegoen zerbitzu faltari erantzuteko asmoz sortu zuten 2017ko abenduan Labore. Bost urteren bueltan mila bazkidetara iristea zen helburua, eta dimentsio horretarako izan zen diseinatua egitasmo osoa. “Lokal handi bat alokatu genuen, baina uste baino obra handiagoa egin behar izan genuen eta horrek hasieratik zorpeturik ibiltzea ekarri zigun”, azaldu dute lantaldeko kideek. Antzeko beste esperientziei begira –Iruñeko Landare, Gasteizko Bio-Alai eta Oiartzungo Labore, esaterako–, benetan bideragarria zirudien mila bazkide lortzea.
“Goraipatzekoa da 600 bazkidetik gora izatera iristea, baina egia da horietatik 220 familiek soilik erosten zutela maiztasun jakin batekin”, diote. Dimentsioarekin lotutako beste arazo batekin ere egin zuten topo: “Tamaina horretako proiektuak langile gehiago behar zituen, eta zama gehiegi utzi genuen langileen esku”, diote. Lan karga handiak, gainera, proiektuko kideak dendaren kudeaketara mugatzea ekarri du, bestelako atalei nahi bezain besteko arreta eskaintzea zailduz.
“Konturatu gara Bilboko errealitatea uste baino gordinagoa dela. Jendeak ez du erosketak haien auzotik kanpo egiteko ohiturarik, nahiz eta denda metro irteera ondoan egon. Bestetik, aipatzekoa da hiria hainbat supermerkatu katez betea dagoela eta elikagai industriak merkatu-nitxoa ikusi duela produktu ekologikoetan. Beraz, konpetentzia handia izan dugu inguruan, nahiz horiek gure filosofia bera ez izan”, adierazi dute. Km0 izendatutako produktuak, ikurrina daramatenak, eko-bio-gourmet zigiluak… saltoki handietan ohikoak bihurtu dira horiek guztiak. Nola asmatu benetan bestelako eredu baten aldeko apustua egiten dutenak bereizten eta lehenesten?
Landaldeko kideek proiektua abiatzerakoan zuten indarra baino anbiziotsuagoak izan zirela ondorioztatu dute, baina ezin uka anbizio horrek lorpen handiak ere ekarri dituenik: bazkide kopurua, sortutako harremanak, tratua, elkarlanerako prestutasuna… “Zentzu horretan balorazio oso ona egiten dugu”, diote, eta Laborek utzitako hutsunea betetzeko baldintza nahikoak badaudela nabarmendu dute. “Zapore onarekin gelditu diren 610 bazkideen zerrenda dugu, ekoizleen kontaktuak ere bai, beraz, neurri txikiko beste proiektu bat martxan jartzeko baldintzak badaude. Prest dagoen giza taldea behar dugu”, amaitu dute.