Uxue Barkos Geroa Baiko lehendakarigaia bildu da jada Ezkerra eta PSNrekin, asteazken eta ostegunean hurrenez hurren. Datorren astean batzartuko da EH Bildu eta Podemosekin.
Ezkerrako bileratik gauza bat atera zuten argi: bi alderdiek adierazitakoaren arabera, PSNren esku geratzen da aldaketan parte hartu nahi izatea ala ez.Hiru indarrek ikusi dute programaren aldetik badituztela adostasunak eta sozialistek adierazi dute prest leudekeela euren botoak Uxue Barkosi emateko, beti ere EH Bildu Nafarroako Gobernuan ez badago.
Geroa Bai datorren astean Bilduko da EH Bildu eta Podemosekin. EH Bilduk astean zehar jakinarazi duenez, abiapuntu gisa bederen ez luke nahi PSN gobernuan egotea, PSN ere erregimenaren parte izan delako. Adolfo Araizen esanetan, gobernua Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Ezkerrak osatu beharko lukete edo behintzat lau indar horien akordioaren baitan egituratu beharko litzateke.
UPNk ere agertu nahi du egunotako elkarrizketen mugimenduetan eta PSNri eta Ezkerrari Nafarroako Gobernuko lehendakaritza eskaini die, baina biek arbuiatu dute aukera hori; bosgarren indarra izanik PSNk uste du ez dagokiola berari lehendakaritza hartzea eta Ezkerrak bere burua aldaketaren aldeko indarrekin ikusten duela erantzun dio UPNko buru Javier Esparzari. UPNk bezala, PPk ere PSNri eskaini dio lehendakaritza, “nazionalistek goberna ez dezaten”.
Iruñeko Udala
Iruñeko Udalean Joseba Asiron EH Bilduko alkategaiari dagokio gobernua eratzeko ekimena. Hasieratik esan du bere helburua izango dela udal gobernua EH Bildu, Geroa Bai, Aranzadi eta Ezkerrarekin batera eratzea. Ostegunean bildu zen Aranzadirekin eta indar biek adierazi zuten bilera emankorra izan zela eta programari dagokionez adostasun handiak dituztela. Udal gobernuan elkarrekin aritzeko aukera ere aztertu dute, baina Aranzadiren esanetan hori batzarrak erabaki beharko du.
Ezkerrako zinegotzi Edurne Eginoren aburuz, haiek programaren negoziazioa hobetsiko dute lehenik eta ondoren erabakiko dute udal gobernuan sartu ala ez.
Datorren astean bilera klabea izango da alor honetan ere eta ikusi beharko da Geroa Baik zer jarrera duen udal gobernuarekiko, edo barruan egon edo, programa akordioak adostu ondoren gobernua kanpotik sostengatu.