argia.eus
INPRIMATU
Zertan da EHUko ikerlariek koronabirusa atzemateko garatutako testa?
  • Osasun saileko bozeramaileak apirilaren 13 eguerdian adierazi du "hainbat enpresa ari direla testak garatzen", eta "zuhurtziaz" jokatu nahi duela Eusko Jaurlaritzak test hauek erabiltzen hastekotan. Zalla Bai udal plataforma independenteak sinadura bilketa abiatu du EHUko ikerlariek beste hainbat erakunderekin garatu duten testa lehenbailehen erabiltzen hasteko eskatuz eta bi egunean 15.000 sinadura lortzear da. Badirudi dagoeneko garatuta dagoen, merkeagoa den eta ikerketa publikoaren emaitza den test honek lehia jasango duela testa garatzen ari diren euskal enpresen aldetik.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 13a
Argazkia: EITB. Argazkia: EITB.

Apirilaren 10ean jakin zen euskal ikerlari talde batek Covid-19a atzemateko test berria sortu duela.

Apirilaren 13an Osasun saileko bozeramaleari galdetu diote kazetariek test honen erabilera zertan den, eta honek erantzuna orokortu du esanaz "hainbat enpresa ari direla testak garatzen eta zuhurtziaz" jokatu behar dutela aplikaziora pasatzerako momentuan.

Hauek dira Euskal Herrian testa garatzen lehenengoa izan den ikerketa taldeko kideak: EHUko hainbat sailetako zientzialari, Ikerbasque, Achucarro, Biofisika Bizkaia Fundazioa, Biocruces Bizkaia eta Bioaraba institutua.

Hauek dira test honen onuretako batzuk: lagin bakoitzak 15 euro balioko duela aurreikusi dute, eta lau ordu baino gutxiago behar ditu erantzuna jasotzeko. Ikerketa honen koordinatzaile den Ugo Mayorrek adierazi duenez, “EHUn egunean 500-1.000 test egin ahalko genituzke, baina EAEko baliabideak koordinatuz gero, egunean 10.000 test egitera iritsi ahalko genuke".

Sinadura bilketa EHUk garatutako testa lehenbailehen erabiltzen hastearen alde

Bitartean, Zalla Bai udal zerrenda independenteak sinadura bilketa abiatu du apirilaren 11n lehenbailehen test hauek erabiltzen hasteko eskatuz eta bi egunean 15.000 sinadura lortzear dira (hemen eskaera irakurri eta sinatzeko aukera). Sinadura bilketako testuak azpimarratzen du Munduko Osasun Erakundeak testak era masiboan erabiltzea jotzen duela pandemia kontrolatzeko modu egokitzat eta test hau "merkeagoa, azkarragoa eta fidagarriagoa dela Jaurlaritza orain arte erabiltzen ari den test komertzialak baino".

Euskal enpresak testak sortzeko lehian

Hauek dira testak garatzen ari diren enpresak: Osasen eta Progenika Biopharma. Enpresa horiek testak garatzen ari dira baina oraindik ez dituzte prest. Hurrengo asteetan Progenikak berea prest izatea espero du.

Osasen enpresa Biolan Mikrobiosensoreak SL enpresak sortua da eta Asier Albizu da bertako zuzendari. Berau nekazaritzako ikerkuntzan aritzen den Neiker-Tecnalia institutuko zuzendari nagusi izana da.

Progenika Biopharma Zamudioko parke teknologikoan dago eta Grifols farmazeutika handiari lotua dago. Antonio Martínez da sortzaileetako bat eta bideo honetan (gazteleraz) kontatzen du nola unibertsitateko ikerlari batzuek erabaki zuten enpresa pribatura jauzi egitea eta zein garrantzitsu den horrelako enpresentzat diru publikoa, merkatuan lehiakor izateko.

Zergatik ez erabiltzen hasi, dagoeneko garatuta eta prest dagoen testa, merkatuan dauden besteak baino merkeagoa eta fidagarriagoa izanik?

Eguneraketa: Albiste hau argitaratu ondoren, EHUko Ugo Mayor ikerlariak ohartarazi du unibertsitateak ez duela adierazi Osakidetzarekin batera garatu duten protokoloa azkarragoa eta fidagarriagoa denik Jaurlaritzak orain arte eskuratu dituen test komertzialak baino. EHUk behintzat ez duela inoiz hori aldarrikatu zehaztu du irakasle eta ikerlariak.