argia.eus
INPRIMATU
Zerrenda bakarraren aurkako legea onartu du Nafarroako Parlamentuak
  • Hezkuntzako lan deialdietan hautagaiak zerrenda bakarrean aurkeztearen aurkako lege proposamena onartu du Nafarroako Legebiltzarrak. Hau da, elebidunek aukeratu egin beharko dute zein hizkuntza esparrutan jardun nahi duten: euskarazkoan ala gaztelaniazkoan. Euskaldun elebidunek bi esparruak hautatu nahi izanez gero, bi azterketa gainditu beharko dituzte. Ezkerraren aldeko botoa erabakigarria izan da legea onartzeko.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2017ko abenduaren 22a
Ezkerrak zerrenda bakarraren aurka bozkatu du

Pasa den azaroan aurkeztu zuen lege proposamena PSNk, Nafarroako Gobernuak Hezkuntzako oposizioetan zerrenda bakarra osatzeko asmoa zuela jakitean. Lehen unetik oposizioaren babesa izan du, UPN eta PP alderdienak bereziki. Legea onartzeko giltza, halaber, Ezkerrak izan du eta aldeko 26 boto lortuta aurrera atera da zerrenda bakarra ez osatzearen ekimena. Aurkako 24 bozka izan dira. Gobernua osatzen duten alderdiek adierazi dute Nafarroaren errealitate linguistikoa “baztertu” eta euskaldunen eskubideak zapaltzen dituela lege horrek.

Zerrenda bakarra eratzearen aldeko aldarriak behin eta berriz errepikatu dira hilabete osoan. Besteak beste, Kontseiluak dei eginda, manifestazio jendetsua egin zuten abenduaren 16an Iruñeko kaleetan. Milaka euskaltzale atera ziren bazterkeriaren aurka egin eta euskaldunen eskubideak defendatzera.

Ekimena bertan behera

Urriaren hasieran erakutsi zuen Nafarroako Gobernuak Hezkuntzako deialdietan zerrenda bakarra osatzeko asmoa. “Aukera berdintasuna askoz hobea bermatu eta prestakuntza handiena dutenei mesede egiteko” xedea zutela nabarmendu zuen Maria Solana Hezkuntza kontseilariak. Sindikatu nahiz eragile sozialek babesa erakutsi badiete ere lege proposamenari, Nafarroako Legebiltzarra osatzen duten oposizioko taldeek tinko eutsi diote aurka egiteko erabakiari.

 

Gaur egun indarrean den sisteman, irakasle izateko hautagaiek aukeratu egin behar dute euskarazko zerrendan sartu nahi duten ala gaztelaniazkoan; ondorioz, euskara aukeratu dutenak D ereduko ikastetxeetarako baino ez dituzte deitzen, eskolak gaztelaniaz emateko gai izan arren. Hezkuntza sektoreko eragileek askotan salatu dute Nafarroa dela modu horretan diharduen erkidego bakarra.