argia.eus
INPRIMATU
Zerrenda bakarraren aldeko manifestazioa deitu du Kontseiluak Iruñean abenduaren 16rako
  • Kontseiluak deitu du manifestazioa kezkatuta dagoelako "hizkuntza-politikari lotutako gertakariekin". Bereziki zerrenda bakarraren aferak sortu du ezinegona. Abenduaren 16an Iruñean eginen da manifestazioa.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2017ko abenduaren 05

Zerrenda bakarra ezarriko zela iragarri eta berehala iritsi dira kontrako hotsak. Baina, ez dira hots hutsetan gelditu. PSNk lege proposamen bat eraman du parlamentura, zerrenda bakarra eragozteko: gaztelaniazko eta euskarazko epaimahaiak bereiztea proposatu du. UPNk eta PPk ez ezik, Izquierda- Ezkerrak ere bat egin du planteamendu horrekin. Ezkerraren proposamena da euskarazko eta gaztelaniazko azterketak egun desberdinetan jartzea, eta, hartara, elebidunek aukera izatea bietara aurkezteko. Bi aldiz erakutsi beharko lukete gaitasuna kasu horretan. Maria Solanak gogorarazi du iaztik martxan dela eredu hori. "Bi aukerako eredua deitzen diote batzuek; beste batzuek, zigor bikoitza. Ez du zerikusirik zerrenda bakarrarekin, beste planteamendu bat da hori".

Nafarroako hezkuntzan zerrenda bakarra ezarriko duela jakinarazi zuen joan den astean Nafarroako Gobernuak. Hezkuntzako mahai sektorialaren babesa du horretarako, gehiengoa ados baitago: ELA, LAB eta Steilas. Maria Solana kontseilaria maiz agertu da zerrenda bakarraren alde, «aukera berdintasuna» bermatzeko. Orain, izan ere, irakasle elebidunek, euskaraz eta gaztelaniaz dakitenek, hautatu egin behar dute euskarazko edo gaztelaniazko zerrendetan sartu, nahiz eta bietan aritzeko gai izan. Bi hizkuntza ofizial dituzten inguruko herrialdeetan ez da horrelakorik gertatzen. Joan den asteko iragarpena txalotu egin zuen gehiengo sindikalak; Kontseiluak nabarmendu zuen "euskaldunen diskriminazioa" bukatzea ekarriko zuela eredua aldatzeak.

Abenduaren 21ean bozkatuko dute. Kontseiluak manifestaziora deituko du horren aurretik, abenduaren 16an, larunbatarekin. Parlamentuak proposamena onartzen badu, bete egin beharko du gobernuak. "Zerrenda bereiziaren sistemari eustea ezartzen badu, ez da legea bete beste erremediorik geratuko, jakina", esana du Solanak berak. Ezkerraren aldeko botoarekin, badu horretarako gehiengoa oposizioak. Podemos-Ahal Duguk, berriz, ez du babestu PSNren proposamena aintzat hartzea, baina zerrenda bakarrari buruzko iritzia hurrengo Herritar Kontseiluan hartuko du.

Zerrenda bakarraren alde, kalera

Kontseiluak kezkaz jaso du zerrenda bakarrarekin gertatzen ari dena. "Hizkuntza-politikarekin eta bereziki orain zerrenda bakarraren aurka hartzen ari diren jarrerak kezkatzen gaitu", nabarmendu du ohar batean. Berehalako manifestazio baterako deia egin du. Abenduaren 16an eginen dute, Iruñean. Xehetasun guztiak abenduaren 5ean emanen dituzte agerraldi batean. 

Albiste hau Euskalerria irratiak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.