Sumindura pikor batekin hartu dute batzuek zero-covid estrategiaren inguruan Renmin Ribao egunkari txit ofizialak aste honetan bertan argitaratu duen artikulu-segida. Ondorioztatu baitute –zuzen, behingoz– Beijingeko agintariek, Partiduaren XX. Kongresua amaitu ondoren ere, estrategia hori doitu bai, baina baztertzeko batere asmorik ez dutela. Bai egoskorra jendea! Mundu guztiari kontra egiteagatik arituko omen dira teman.
Izan ere, gure mundu-parte honetan batzuek zinez sinetsi dute zero-covid estrategia burugabekeria hutsa dela, eta “birusarekiko bizikidetza” dela hoberena, konparaziorik gabe. Fededunak ereiteko makina baita propaganda. Eta Mendebaldearen propaganda-makinak hilabeteak daramatza Txinarekin kidetzen den zero-covid estrategia hori erauzi nahian: ez omen dauka oinarri zientifikorik, kalte ekonomiko ikusgarriak sortzen omen ditu, baheketa eta itxialdi bidegabeak ezartzen omen dizkio jendeari, ezinegon sozial ikusgarria ereiten ari omen da…
Bejondeiela. Utz dezagun alde batera Mendebaldeko hedabideetan inoiz ez zaiola hitza eman zero-covid estrategia horren benetako aitapontekoa den Zhong Nanshan doktoreari (ez baita Xi Jinping jaunaren ez Sun Chunlan andrearen asmakeria). Bada Zhong doktoreak eta haren pontekoek inoiz zalantzarik izan balute, hain gertu duten Taiwanen azken hilabete hauetan ikusi dutenak uxatuko zizkien dudak.
Bi urtez nahiko zorrotz eramana zuten zero estrategia berbera utzi eta “bizikidetza-estrategiari” ekitea erabaki zuen Tsai andrearen gobernuak aurtengo udaberrian. Zergatia, beste baterako utziko dugu. Emaitza: 10.000 hildako baino gehiago maiatzetik hona. Eta egunero beste 50 inguru gehituz, oraintxe bertan. Biztanleriaren % 90 baino gehiago txertoa hartuta dagoen arren.
Taiwango biztanleria Txinakoaren 1/60 dela kontuan izanda, biderketa xume batek iradokitzen du zer gertatuko litzatekeen Txinan ere gauza bera egingo balitz. Baina, gainera, bertako osasungintza-sistema Taiwangoa baino dezente ahulagoa denez, eta txertatze-maila ere zertxobait baxuagoa (batez ere zaharren artean), nahiko argi dago zero-covid estrategia erabat baztertzeak bizpahiru milioi txinatarren heriotza erakarriko lukeela hilabete gutxiren buruan.
“Gure” propaganda-orkestraren zuzendariek badakite hori. Baina zero eskrupuluko jendea dela ematen du.