argia.eus
INPRIMATU
Zergatik segregatzen dituzte eskolan haur euskaldunak?

Arnas Dezagun 2022ko maiatzaren 02a

Arnas dezagun (AD) ekimena etsipenetik sortu zen. Arazo partekatu batetik. Gure seme-alabak eremu erdaldunduetako D ereduan eskolatuta genituen, Bilbon, Gasteizen, Sakanan, Iruñerrian… eta kasu guztietan, maila bereko bi gela edo gehiago izanez gero, haur etxetik euskaldunak gela ezberdinetan sakabanatzen zituzten, baita bizpahiru haur euskaradun baino ez zirenean ere! Hala, euren artean euskaraz jarduteko aukera ukatu zaie, gaztelera D ereduan ikasi dute (oso arin) eta kolpetik jakin dute, D ereduan bertan ere, ikasteko bai, baina beste jarduera guztietarako, jolasteko, elkarbizitzeko, gaztelera erabili beharra dagoela, sí o sí, Hego Euskal Herri delako honetan. Ikaskide batzuen aldetik, euskarafobia ere dastatzeko aukera izan dute

Gure haurrek, D ereduan bertan ikasten dute azkar, zein den hizkuntza nagusia eta zein menpekoa, eta euskaraz egiteko eskatzen zaien arren, horretarako trabak eta oztopoak bata bestearen ondotik ezartzen zaizkie “euskal” eskolatik hasita, sarea zein den ere.

ADn bildutako familiok, behin eta berriz eskatu genien ikastetxeoi haur euskaldunak ez sakabanatzeko, euren artean sikiera euskaraz jarduteko aukera izan zezaten.

"Proposatzen dugu haur euskaldunak gaztelera etxetik ez dakarten haur erdaldunekin (afrikarrak, europarrak, asiarrak…) elkartzea, kanpotik etorritako haurron inklusioa euskaraz ere gerta dadin"

Kasu guztietan ezezko biribila jaso genuen zuzendaritza taldeen aldetik, salbuespenik gabe. Etsipenak eta zerbait egin beharrak bultzatuta, Arnas Dezagun ekimena antolatu genuen, oso oinarrizko eskari baten inguruan: eskolan haur etxetik euskaldunak ez sakabanatzea.

Proposatzen dugu haur euskaldunak gaztelera etxetik ez dakarten haur erdaldunekin (afrikarrak, europarrak, asiarrak…) elkartzea, kanpotik etorritako haurron inklusioa euskaraz ere gerta dadin, eta ez gaztelera hutsez orain arte bezala… Ez al gaude ba Euskal Eskolan?

Eta proposatzen dugu, etxetik euskara ez dakarten haur guztiei, bertoko nahiz kanpoko, euskara lehen bai lehen menpera dezaten baliabide egokiak eskaintzea, besteak beste, bestelako ikasgaiez behar bezala jabetzeko ere, ezinbestekoa delako.

Euskaltzale askoren babesa jaso dugun arren, ikastetxe gehienen aldetik ezezko ozenak jasotzen jarraitzen dugu oraindik. Baita Madrilen menpeko politikari euskaldunen baten eta, harrigarriki, euskaltzale baten edo besteren aldetik ere, gureak ez diren proposamenak ezkutu jartzen dituztelarik.

Azken horientzat doa ondokoa, ea ulertzen duten behingoz:

Ez dugu eskatzen haur euskaldunak haur erdaldunekin ez elkartzea.

Eta ez dugu nahi haur etxetik euskaldunak “aparteko geletan bereiztea” edota haurrak “familia-hizkuntzaren arabera bereiztea”.

Euskal eskolan haurrek euskaraz jardun ahal izatea bermatzea eskatzen dugu, horretarako arnasguneak eratzea, eta jakina, inor ez segregatzea. Euskaldunak ere ez, aukeran.