argia.eus
INPRIMATU
Zergatik interes tasak igotzeak ez duen balioko inflazioa gelditzeko
  • Interes tasak %0,25 igoko ditu Europako Banku Zentralak uztailean, eta lehen aldiz hamaika urtetan zorra erosteari utziko dio. Prezioen gorakadari aurre egiteko neurria dela argudiatu dute bankuaren agintariek, baina horrela izango al da?

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2022ko ekainaren 09a

“Bere moneta politikaren ildoari jarraituz, Gobernu Kontseiluak aurreikusi du EBZren interes tasa ofizialak igotzea 25 puntu basiko uztaileko batzarrean”. Halaxe iragarri du Europako Banku Zentralak interes tasak igo eta hamaika urteko ibilbidearekin amaituko duela, interes negatiboak eskaintzeari utzi eta zor erosketa masiboen politika abandonatuz. Arrazoia? Inflazioa.

Azaldu dutenez “aurreikuspenek erakusten dute inflazioa nahi baino maila goragotik mantenduko dela denbora batez”, eta moneta politika horren “normalizazioa” prezioak jaitsarazteko aldagaietako bat direla diote.

Zehazki, uztailean %0,25 igoko ditu interes tasak EBZk, eta irailean beste igoera bat egingo du. Erakunde horren arabera, Europar Batasuneko urteko inflazioa %6,8koa izango da 2022an eta uste dute 2023an %3,5era eta 2024an %2,1era jaitsiko dela.

Christine Lagarde EBZko presidenteak egungo Europako testuinguruan kokatu du neurria, eta esan du “Errusiak Ukrainari egindako eraso injustifikatuak” are ziurgabetasun handiagoa ekartzen duela europar ekonomian. Hortaz, uztailaren 1etik aurrera zorra erosteari utziko dio eta Mario Draghiren garaian hasitako diru politika hedatzailearekin amaituko du europar bankuak.

Zergatik ez duen balioko

Espero zen horrelako neurri bat, eta azken asteetan adituak aritu dira hori aztertzen. Gainera, AEBetako erreserba federalak ere %0,5 igo ditu interesak, eta azken 22 urtetako igoerarik handiena egin du. Baina balioko al du horrek hiru hamarkadotan izandako prezioen garestitze handienari aurre egiteko?

Mikel Zurbano ekonomialariak ARGIAn azaldu digu “ohiko ikuspegi liberalarekin” ateratako ondorioa dela hori, baina “interes tipoak emendatzea edo soldaten igoerak mugatzea, sozialki bidegabeak izateaz harago, ez dira neurri eraginkorrak prezioen hazkundeari muga jartzeko”.

Izan ere, ekonomialariaren arabera, igoera horren sorburua eskaintza da: dela petrolioaren prezioak lehertu direlako, beste energia arloko lehengaien prezioak ere igo direlako, edo pandemiaren ondoren balio kateetan arazoak izan direlako. Baina baita enpresa eta oligopolio handiek gehiegizko etekinak izan dituztelako ere; horiek ari dira “prezioak akuilatzen”.

Isidro Esnaolak Gara egunkarian idatziriko analisian dio interes tasek prezioen gorakada gelditzeko gaitasunik ez izateaz gain, “handitu” ere egiten dutela igoera hori, eta Turkia jarri du horren adibide: “Tasa altuek ez dute lortu bizitzaren garestitzea apaltzea”. Hortaz, ondorio bat atera du analistak: “Balio edo ez inflazioa jaisteko, erabakia hartuta dago. Garrantzitsua da egoera kontrolatzen den itxura ematea”.