argia.eus
INPRIMATU
Zergatik ez ote digute esaten zenbat hil diren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan?
  • Sentitzen dut, irakurle: ezin dizugu esan atzo, asteartea, EAEn hil diren 6 pertsonetatik zenbat hil diren Araban, zenbat Bizkaian eta zenbat Gipuzkoan. Eusko Jaurlaritzak ukatzen digu herritarroi informazio hori maiatzaren 14tik.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2020ko maiatzaren 27a

EITBk zabaldu duenez, Euskadiko Autonomia Erkidegoan ("Euskadin", sic) 6 pertsona gehiago hil dira koronabirusak jota azken egunean. Nafarroan hildakorik baden edo zenbat arratsaldean jakingo dugu. Euskal Herrian denetara zenbat hildako doazen seguru jakiteko Berria egunkariak bere estatistika eguneratu arte itxaronda enteratuko gara, berari egin behar baitzaio konfiantza Iparraldeko kopuruen kontabilitatean. Alabaina... eguna bukatuta ere ez dugu jakingo EAEko 6 heriotza berri horietatik zenbat gertatu diren Araban, zenbat Bizkaian eta zenbat Gipuzkoan. Eusko Jaurlaritzak datu hori ezkutatzen baitigu... maiatzaren 14tik.

Esaterako, ni bizi naizen probintzian, Gipuzkoan, pertsona bakar bat ez da hil maiatzaren 14tik. Horregatik ibiliko da jendea hain lasai kalean. Gipuzkoarren umorea goizero baldintzatzen duen Diario Vasco egunkariak une honetan (14:00) bere webaren goiburuan dakarrenez, "El territorio suma siete días consecutivos sin positivos mientras en Euskadi se produce un leve repunte con 12 nuevos casos y seis fallecidos". Zeren eta, hori bai, Eusko Jaurlaritzak xehetasun guztiz iragartzen digu egunero zenbatek –zein gutxik, esan nahi baita– eman duten positibo COVID-19 testetan. Beraz, Gipuzkoan daramatzagu 14 egun hildakorik gabe eta gero eta positibo gutxiagorekin.

Harrigarriak dira euskaldun hauek, begiak itxita lortzen baitute muturren aurrean daukaten errealitatea suntsitzea. Prist! Maiatzaren 13an ordu honetantsu ARGIAk irakurleei jakinarazi zienez, aurreko egunean Araban pertsona 1 hil zuen koronabirusak, Bizkaian 9, Gipuzkoan 3 eta Nafarroan 1. Egun hura arte Araban 355 ziren hildakoak, Bizkaian 806, Gipuzkoan 281 eta Nafarroan 494. Eta kontatu genuen milioi bat biztanleko Arabak 1.070 heriotza nozitu zituela, Bizkaiak 699, Gipuzkoak 388 eta Nafarroak 755. Oro har, Iparraldeko 10 hildakoak barne, Euskal Herriak ematen zuen milioiko 613 hildako.

Hamabost egunen buruan orduan 1.946 hildako zirenak Euskal Herrian gaur eguerdia arte bilakatu dira 2.033, eta milioiko 613 zirenak 640tik gora. Baina gure irakurleei ezingo diegu kontatu zenbat diren hildakoak ez Araban, ez Bizkaian eta ez Gipuzkoan, ez denetara eta ez milioika. Senide edo lagunen bat galdu duenak are ezkutuago egin beharko du bere dolua, Araban ahaztuko dute Lombadia terribletik hain urrun ez dabiltzanik, Bizkaian ez dute jakingo hildako gehienak beren inguruan gertatu direnik eta gipuzkoarrok kontent Errusian zenbat milaka kutsatu berri azaldu diren begira.

Zergatik ukatzen ote digute agintariek herritarroi oinarrizko informazioa? Eta nolaz onartzen dugu euskaldunok? Harritzekoa da.