argia.eus
INPRIMATU
Zergatik ez gara arreta mantentzeko gai?
  • Langileen %80ak ez du ordubete irauten arreta galdu gabe eta %20 inguru hamar minuturo distraitzen da. Kontzentratzeko gaitasun falta ez da soilik mugikorren eta estimulu teknologiko andanaren errua, elikadurak, kutsadurak eta oinarrian gure bizi estiloak ere zerikusi handia dutela diote adituek, eta arreta krisi sakon batean sartuta gaudela.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2024ko abuztuaren 28a
Etengabeko estimuluetara ohituta gaude, ez alferrik eduki motz batetik bestera gure arreta berenganatzeko diseinatuta daude aplikazio ugari. Argazkiak: Freepik

1.200 langile hartuta uda honetan argitaratu den ikerketa baten emaitzak dira aurrekoak, gaur egungo errealitatearen isla: ekintza bakar batean denbora luzez kontzentratzeko gaitasun galera. Zeregin eta ikasketa handiek denbora asko eta arreta berezia eskatzen digute, eta arreta mantentzeko gaitasuna ez badugu, erronka eta helburu potoloak lortzeko gaitasuna ere galtzen dugu. Berez, burmuina prestatuta dago kontzienteki gauza bakar batean pentsatzeko, baina aldi berean sei-zazpi gauza egiteko gauza garela uste dugu, edo egiten ari garena beste hainbat interakziorekin uztartzeko gai garela, burmuinak malabarismoak egin behar ditu batetik bestera, eta azkenerako zeregin horiek okerrago egiten ditugu, ez ditugu behar bezala atxikitzen edo memorizatzen, sormenaren kalterako da eta nekatuago (eta amorratuago) amaitzen dugu, dio Johann Harik. Gaian aditu direnak elkarrizketatu ditu Harik, eta liburu batean bildu ditu ondorioak: Arretaren balioa.

Denari heldu beharrak eta iristen zaizkigun dei eta mezu guztiei erantzun beharrak, alegia egiten ari garena behin eta berriz eteteak, degradazio kognitiboa dakar, gure burmuinean eragiten du. Etenaldi horien arrazoia telefono mugikorra da maiz, etengabeko estimuluetara ohituta baikaude, ez alferrik eduki motz batetik bestera gure arreta berenganatzeko diseinatuta daude sare sozial eta aplikazio teknologiko ugari. Gainera, mezuak jasoz gero, sarri gure burua behartuta sentitzen dugu momentuan bertan erantzutera, hogeita lau orduz erantzuteko moduan egon behar dugula baitirudi. Zorionez, gutxinaka deskonexio digitalerako eskubidea arautzen ari dira gero eta lurralde gehiagotan.

Denari heldu beharrak eta iristen zaizkigun dei eta mezu guztiei erantzun beharrak, alegia egiten ari garena behin eta berriz eteteak, degradazio kognitiboa dakar, gure burmuinean eragiten du

Deskantsua garrantzitsua da eta nekatuta egoteak ere kaltetzen du arreta, estresatuta bizitzeak ez dio kontzentrazioari laguntzen, alerta egoeran bizitzea bezala baita, eta kutsadurak eta elikadurak badute eraginik, dio idazleak. Zereal azukredunak gosalduta, esaterako, glukosaz betetzen da burmuina eta ordubetera (eskola hastean) energia eta glukosa guztia galtzen da; jaki prozesatuek kontzentratzeko gaitasunean duten eragina ere frogatuta dago…

Arreta berreskuratzeko proposamenak egiten ditu autoreak (mugikorraren erabilera mugatuta edota hainbat aplikazio ezabatuta, adibidez, arretan aldaketa berehala sumatzen dela dio), baina argi uzten du sistema oso bat dagoela alderantzizko norabidean, kontzentratzeko dugun ahalmenaren kontra etengabe (menpekotasuna sustatzen duen industria teknologikoa, elikaduraren industria, lantokietako filosofia, enpresa kutsatzaileak…).

Gorrotoaren algoritmoa

Gogoeta bitxia egiten du autoreak, El Confidencialeko elkarrizketan. Jakin badakigu pantailara itsatsita egon gaitezen lortzeko diseinatuta daudela mugikorretako, aplikazioetako eta sare sozialetako algoritmoak; kontua da, gauza atseginek baino errazago harrapatzen dutela gure arreta gauza desatseginek, beldurtzen edo amorrarazten gaituztenek, eta beraz gaur egungo algoritmoek hori eskaintzen digute batik bat. Beste era batera esanda, egungo algoritmoek gorrotora bultzatzen dute. Eskala handiagoan, gizartean eta politikan praktika hori nagusitzen ari dela dio idazleak, gorrotoa bultzatzen duten pertsonei eta sua piztu nahi dutenei ematen zaiela megafonoa, eta hein batean horregatik bizi dugula gaur egun dugun panorama soziopolitikoa.

Gauza atseginek baino errazago harrapatzen dute gure arreta beldurtzen edo amorrarazten gaituztenek, eta beraz gaur egungo algoritmoek hori eskaintzen digute batik bat