Emakumeek lotsa, beldurra eta errudun sentimendua dituzte. Ia erdiek ez dute erasotzailea salatu arazoa ez dutelako genero indarkeriarekin lotu.
Espainiako Gobernuaren Genero Bortizkeriaren ordezkaritzak egin du ikerketa. Erasoak jasan dituztenek zergatik ez duten salatzen aztertu nahi zuten. Kontuan hartu behar da tratu txarrak jasotako emakumeen %71k ez duela inoiz salaketarik jarri.
%45ak ez du salaketarik jartzen arazoa ez duelako bortizkeria matxistarekin lotzen, jasan duenari ez dio beharko lukeen garrantzirik ematen. Indarkeria matxistan adituak direnek azpimarratzen dute kultura patriarkalak zaildu egiten duela emakumeek jarrera matxistak identifikatzea.
Galderak erantzun dituzten emakumeek salaketa ez jartzeko mota askotako beldurrak azaldu dituzte:
-Erasotzaileari eta haren erreakzioei beldurra.
-Prozesu judizialari beldurra.
-Sinetsiko ez dioten beldurra, batik bat, ondorio fisikorik ez badago.
-Emango dioten babesa eraginkorra izango ez ote den beldurra.
-Haurrak galtzeko beldurra.
-Bakarrik aurrera egiteko gaitasunik ez izatea.
-Baliabide ekonomikorik gabe geratzea.
-Enplegurik ez aurkitzea.
-Harremana ez hausteagatik ingurukoek aurreiritziz tratatzea.
Beldurraz gain, beste hainbat arrazoi daude ez salatzeko: lotsa; erasotzaileari maila sozioekonomikoan kalterik eragin nahi ez izatea; dena ahaztu nahi izatea; errudun sentitzea; familiaren eta ingurukoen presioa.