Ukrainako gerra egonda ere, Errusia eta Ukrainako Gobernuek hitzartuta zeukaten laboreen esportazioa ahalbidetuko zutela, 2022ko uztailetik. Astelehenean Vladimir Putinek erabaki du ez luzatzea, arrazoituta NBE ez zela betetzen ari adostutakoa.
Ukrainako gerragatik blokeatuta zegoen zerealen esportazioa Itsaso Beltzean, eta 2022ko uztailean akordioa sinatu zuten Errusiako eta Ukrainako agintariek, ziurtatzeko ez zietela eraso egingo laboreak zeramatzaten itsasontziei. Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko (NBE) idazkari naguasiaren esanetan, itun horri esker gosez zeuden milioika pertsona “salbatu” dira. 32,9 milioi tona labore esportatu dira urtebete honetan, elDiario.es-ek gogorarazi duenez.
Ituna hirutan luzatu dute, baina azken aldian, maiatzean, soilik 60 egunez luzatzea onartu zuen Errusiak, eta ez testuan adostuta zegoen 120 egunez. Astelehenean zen itunaren azken eguna, eta Errusiako Gobernuak erabaki du ez luzatzea, azken asteetako mehatxua beteta.
Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak jakinarazi du akordioa bertan behera gelditu dela, zera argudiatuta: “Errusiari eragiten dion ituneko zatia ez da bete orain arte”. Ohartarazi du hori bete ezean ituna etenda egongo dela. Errusiako Kanpo Ministerioak azpimarratu du prest leudekeela hitzarmena berrartzeko, baldin eta “emaitza zehatzak badaude, ez promesak eta bermeak”.
Hain zuzen, 2022ko itunean zehaztu zuten NBEk Errusiari lagunduko ziola elikagai eta ongarriak esportatzen nazioarteko merkatuetara; baina, Errusiak salatu duenez, oztopoak jartzen ari dira. Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak astelehenean adierazi du “dezepzio ikaragarria” izan dela Errusiak bere proposamenak “entzun ez izana”, munduko “elikadura segurtasuna” arriskuan jarri baita Itsaso Beltzeko hitzarmena bertan behera utzita. Dena den, onartu du jakitun dela Errusiako elikagai eta ongarriek nazioarteko merkatuan dituzten “oztopo batzuek hor dirautela”.
Negoziatzen jarraitzeko asmoa erakutsi dute NBEko ordezkariek eta Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek –ituna sinatzerakoan ezinbesteko bitartekaria izan zen–. Erdoganek azaldu duenez, uste du Errusiako presidente Vladimir Putinek “nahi duela” Itsaso Beltzeko hitzarmenak jarraitzea. Adierazpen horien ondotik, ordea, Errusiako Tass agentziak jakinarazi du NBEko ordezkari errusiar batek argitu duela erabakia behin betikoa dela eta ez dutela negoziatzen jarraituko, elDiario.es-ek jaso duenez. Errusiako Kanpo ministro Sergei Lavrov eta Turkiako Hakan Fidan aurrez prest agertu dira eztabaidatzeko, The Guardian-ek jakinarazi duenez.
Ikusteko dago ea Itsaso Beltzeko pasabidea irekiko dieten zereal esportazioei, edo multinazionalen eskuetan dagoen elikagai merkatuan aldaketak eragingo dituen.