argia.eus
INPRIMATU
Zergatik egiten dute euskaraz gutxiago bermeotarrek ondarroarrek baino?
  • Ondarroan euskararen ezagutza %79koa da eta erabilera ere bai. Bermeon ezagutza %72koa da eta erabilera %33koa. UEMAk ikerketa sakona egin du askotariko faktoreak lantzeko.

ARGIA @argia 2017ko urriaren 06a
Goizane Arana (UEMA), Josu Labaka (UEMA), Idurre Bideguren (Bermeoko alkatea), Eneritz Albizu (UEMA) eta Maite Alvarez (Bermeoko euskara teknikaria), aurkezpenean, Bermeon.

Euskararen ezagutza datuak parekoak. Bi herriak dira euskaldunak. Biak kostaldekoak eta Bizkaikoak. Arrantzale herriak dira biak. Ondarroan kale erabilera datuak onak dira eta Bermeon kezkagarriak. Bermeoko Udalak berak eskatu zion UEMAri ikerketa egiteko, euskararen ezagutzaren eta erabileraren arteko amildegia zerk eragiten duen aztertu nahi zuten. Bi udalerrien alderaketa egin dute ikerketan.

300 orrialdeko ikerketa lana egin dute UEMAko teknikari Goizane Arana eta Eneritz Albizuk. Euskararen erabilerak halako beherakada izateko faktore asko kontuan hartu behar direla azpimarratu dute bi teknikariek eta ondoko gogoeta egin dute: “Euskararen aldeko hizkuntza politika ausartak eta eraginkorrak ez dira nahikoa, euskarari eustea ahalbideratzen duen ekosistema osoak huts egiten baldin badu. Argi dago euskara sustatzeko hizkuntza politiketan orain arte kontuan hartu diren faktoreez gain, euskaraz naturaltasunez hitz egitea ahalbideratzen duen ekosistema osoa dela zaindu beharrekoa. Eguneroko bizitzako harreman sareak, alegia. Ekosistema horrek huts egiten duenean sortzen da amildegia ezagutzaren eta erabileraren artean”.

Ikerketari buruz aurkezpen ekitaldian eskainitako laburpena lotura honetan dago.