argia.eus
INPRIMATU
Zergatik egingo dugu soka-dantza urriaren 12an?
  • Jose Ignazio Ansorenak azaldua du soka-dantzen esanahia, ARGIAren Mendeurren Festa Nagusirako ezin aproposagoa: “Soka-dantza Erdi Aro amaieran sortu zen, hiribilduen eta jauntxo feudalen arteko erronkan. Eta ‘gu ere bagara zerbait’ adierazten du. Horregatik antolatzen da soka bat herriko jendearen artean eta kolektibitatearen ikurra da. Plazan, herriaren agertokian, plantatzen da soka eta jabe egiten dira, ‘hau gure lekua da’ adieraziz.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2019ko urriaren 02a

Urriaren 12an Donostian egingo du ARGIAk bere Mendeurren Festa Nagusia. Gorputzak plazara atera eta dantzaren bidez egingo du ekitaldi solemneena: soka-dantza. 13:00ean, Plaza Berrian.

Soka-dantzan sinbolismoz betetako hainbat osagarri daudela azaldua du Ansorenak, Itsaso Zubiriak ARGIAn idatzitako artikuluan: "Aurreskua, alegia, alde baterantz tira egiten duen buruzagia; baina badu kontrako buruzagia, gizarte guztietan egoten den bezala, atzeskua; eta tentsio horretan dantzan hasten dira, aurreskua eta atzeskua beren erakustaldietan”. Bi dantzari bikain, Amaiur Luluaga eta Aiert Beobide izango dira aurresku eta atzesku, ARGIAren Mendeurreneko soka-dantzan. “Jarraian, zubia egiten dute, adieraziz, elkarrekin bizitzeko denok behar dugula gutxieneko arauei men egin, eta zubipetik pasatzen dira sokan dauden herritar guztiak".

ARGIA komunitatea dantzara

Zubien ostean badago beste zati bat, "axeri dantza" edo "banangoa" deitzen zaiona, herritar denek egiten dutena, txandaka. Hain justu “banango” edo “axeri dantza” zati hori dantzatuko dugu txandaka eta taldetxotan nahi dugun guztiok. Urratsak ikasteko, hemen tutoriala:

Urratsak ikasita edo dantza ikustera, goazen urriaren 12an 13:00ean Donostiako Trinitate plazara. Mundua eta mendea dantzan jarriko bagenitu?