Urriaren 7an Gazako zerrendako erresistentziak aurrekaririk gabeko erasoa egin zuen 1948an Israelek okupatu zituen hegoaldeko kokalekuetan. Ordu gutxitan, milaka kohete jaurti, Gazako ghettoa inguratzen duen hesia birrindu, hainbat hiri israeldarren kontrola euren gain hartu eta hamarnaka kolono hartu zituzten gatibu. Erasoak, bide batez, lotsagarri utzi zuen Israelgo armadaren eta inteligentzia zerbitzuen ustezko hutsezintasuna, eta min handia eman zion estatu sionistaren irudi korporatiboari.
Israelgo Estatuak, duela 75 urte alde bakarrez aldarrikatu zenetik, gerra izan du berezko osagaia. Gerra da estatuaren makineriako motore ekonomikoaren elikagaia, horixe baita Israelek munduko merkatuetan hobekien saltzen duena: gerrarako eta gizarte kontrolerako teknologia aurreratuena, benetako gerra testuinguruan probatua izanaren bermearekin. Baina ez da ekonomiaren erregai nagusia bakarrik, gerra da, halaber, gizarte izugarri heterogeneo eta desorekatuaren kohesiorako elementu itsasgarria. Azken zazpi hamarkadetan mundu osotik hara joandako juduek osatu duten gizarte anitzak eztanda egingo luke, ez balitz jendartea bateratua mantentzen duen komuneko etsai basati batekiko beldurragatik.
Nekez aurkituko dugu gizateriaren historia beltzenean hain denbora laburrean hainbeste haur erail dituen erregimen genozidarik
Gauzak horrela, urriaren zazpiko erresistentzia ekintzak okupazio erregimenaren ahulgunerik handienean jo zuen, bere gerra makineriaren irudi hutsezinean. Tel Aviveko erregimeneko gobernu ultreskuindarrak ez du barkatu lotsagarri geldiarazi izana eta larrutik ordainarazi die, ez erasoaren egileei, baizik eta Gazako konzentrazio esparruan duela hamabost urte bahituta dituen 2.3 milioi herritar zibilei. Ondorengo gertaera katea aski ezaguna da. Okupazio erregimenak munduan aurrekaririk ez duen bonba zaparrada jaurti du Gazako zerrendako populazio babesgabearen kontra eta bi asteko epean 5.000 lagun baino gehiago erail dituzte, horietatik 2.000 ume inguru. Nekez aurkituko dugu gizateriaren historia beltzenean hain denbora laburrean hainbeste haur erail dituen erregimen genozidarik. Nolanahi ere, aurrekoetan ez bezala, gaur egun sarraskiaren irudiak zabaltzeko baliabide teknologikoak ugariak dira, eta gero eta zailagoa egiten zaio erregimen sionistari kontakizunaren bataila irabaztea. Mundu osoko hedabide ofizialek, modu akritikoan eta kontrastatu gabe, okupatzailearen bertsioaren bozgorailu egiten badute ere, triskantzaren irudi lazgarriek gainezka egin diete ohiko komunikabideei, eta gero eta zailagoa egiten zaio Israeli autodefentsaren diskurtso zentzugabea erosiko duenik aurkitzea.
Ebidentzia odoltsu horren aurrean ez dira gutxi munduan zehar ahotsa altxatu dutenak, genozidio hau geldi dadin, baina hainbatetan sarraskia geldiarazteko eskaerak azalkerian geratu dira, baita behin baino gehiagotan ekidistantzia iraingarrienean geratu ere.
Ezin dugu azken bi asteotako bortizkeria giroa aztertu urriaren zazpian berez piztutako eztanda izan balitz bezala. Sortzezko biolentzia, eta ondorengo erresistentzia indarra eragiten duena, Palestinako kolonizazio bera da; eta, gutxienez, duela 75 urte du abiapuntua. Duela zazpi hamarkada, eta lehenagotik ere, abian jarritako garbiketa proiektu sionistak Mediterraneo eta Jordan ibaiaren arteko eremuetatik (Eufrates eta Nilo artekoak Israelgo banderak irudikatzen dituen marra urdinen arabera) populazio natiboa desagerraraztea du helburu. Horretarako kolonia bidezko kolonialismo estrategia baliatu dute hamarkadetan. Sarraski eredugarrien bitartez jatorrizko populazioa modu masiboan erbestera bultzatu dute; herriak mapatik desagerrarazteraino suntsitu dituzte; lurrak eta ur iturriak bereganatu eta anexionatu dituzte, dela koloniak hedatzen dela kolonia horiek azpiegitura iraunkorrez hornitzen… eta, oro har, populazioaren bizi baldintzak jasanezin bihurtu dituzte egunez egun, erbestera ihes egin beste erremediorik izan ez dezaten. Testuinguru horretan sortu da, etikaren eta nazioarteko legediaren ikuspuntuak onartzen dion zilegitasun osoz, Palestinako erresistentzia.
Beraz, lizunkeria dialektiko izugarria da bi alderdien arteko gatazkaz hitz egitea. Ezin dira maila berean jarri okupatzailearen sortzezko bortizkeria eta okupatuaren defentsa-ekintza (erantzunezko biolentzia horretan ere gehiegikeriak gerta badaitezke ere). Ezin dira parekatu armada erregular baten indar suntsitzailea eta milizia autoantolatu baten jarduera.
Lizunkeria dialektiko izugarria da bi alderdien arteko gatazkaz hitz egitea
Kanpoko ikusleak, estrategia militarrean oso jantzita izan gabe ere, ez du ondo ulertuko zer bilatzen duen Israelgo okupazio-erregimenak Gazan. Zer etekin atera nahi dion Trebiñuko azalera duen lur eremu antzu horri, suntsipena eta hondarrak hondarren gainean besterik ez dituen kostaldeko txoko horri, ezer onik ezingo baitu atera lur erre horretatik. Nekez ulertuko du ikusleak zer atarramendu atera ahal zaion 2.000 haur baino gehiago modu ankerrenean garbitzeari. Beraz, genozidioaren ikuspegi etsigarriaren aurrean galdera ekidin ezina da: zergatik? Eta erantzuna sinplea: egin dezaketelako. Horixe da Israelek Gazako populazioaren garbiketa etnikoarekin lortu nahi duena, alegia, egin dezaketela erakustea, ukiezinak direla, eta pentsaezinezko zitalkeria handienak eginda ere, munduan ez dela izango aurre egitera ausartuko zaionik. Izan ere, Israelek azken zazpi hamarkada hauetan Palestinako populazio natiboa garbitzeko proiektua garatu ahal izan du, etengabe eta eragozpenik gabe, horrexegatik: utzi egin diotelako.
Hortaz, Israelek, abiapuntu anormal batetik sortutako estatu anormalak, gerra du motore ekonomiko eta kohesio sozialerako elementua, baina bakarrik ezingo luke, ez bada utzi egiten diotelako. Ezin dugu azken asteotako gatazkaren azterketa objektiboa egin Israelek nazioartean dituen harreman politiko, ekonomiko eta korporatibo estrategikoak kontuan hartu gabe, horiexek baitira estatu sionistaren eta Palestinako garbiketa etnikoaren iraunkortasunaren bermeak. Eta genozidioa geldiarazteko aldarria egiten dugunean, ezin ditugu aipatu gabe utzi Euskal Herrian bertan administrazioek eta klase politikoak eta enpresarialak proiektu sionistarekin dituzten lotura estuak. Israelgo Estatuarekiko konplizitate korporatibo horren adibiderik esanguratsuenetako bat, baina ez bakarra, CAF enpresarena da. Beasaingo konpainia, Eusko Jaurlaritzaren parte hartzearekin, Palestinako okupazioa egonkortzeko baliagarriak diren azpiegitura iraunkorrak ari da eraikitzen, Jerusalem Ekialdean ezarritako kolonia ilegalen eta hirigunearen artean. Azpiegitura horiek behin betikotasun bermea ematen diote eremu palestinarrean anexionatutako lurrari, eta funtsezko sostengu estrategikoa proiektu sionistari. Uneoro izan dute Eusko Jaurlaritzaren, eta gobernuko alderdiaren, EAJren, baldintzarik gabeko babesa.
Egunotan momentu historiko baten lekuko izaten ari gara, Israelgo erregimen sionista balaztarik eta kontrolik gabe dabil hondamendirako lasterketa zoroan, bere atzean ahalik eta suntsipen handiena utzita; eta ez dago inor, itxuraz, nazioarteko komunitate deritzoten horretan geldituko duenik. Palestinako erresistentziak Goliaten iraupenaren zutabeetako bat kolokan utzi du: bere makineria militarraren ustezko hutsezintasuna. Beste zutabe bat dago birrindu beharrekoa, erraldoia kolapsatuko bada: erregimena sustengatzen duten kanpoko loturak. Eta hori gure esku dago. Aldarri antzu eta ekidistanteak alde batera utzita, eta nor bere tokian jarrita, gure ardura da historiako orrialde beltz honekin dagozkigun konplizitate-loturak etetea. Palestina biziko bada. Eta Palestinarekin batera, gizatasuna hilko ez bada.
Koldo Alzola, Palestinaren aldeko ekintzailea