argia.eus
INPRIMATU
Zergatik dituzte landare batzuek bi loraldi urtaro berean?
  • Arramaiatza edo ekaina joan zaigu. Urte erdia joana, dagoeneko. Egunargia luza eta luza eta eguniluna moztu eta moztu aritu da. Orain argia moztu eta iluna luzatzen den seihilekoan sartu gara, uda eta udazkena.

Jakoba Errekondo 2020ko ekainaren 25a
Magnolia tulipa, lorea hosto gainean.

Eguraldi igarleek erdipurdiko uda izango dugula diote. Ni ez naiz ezeren igarle baina egun beroak izango ditugula esatea ez da igarletza... Udaberrian zehar eta udako lehen egunetan bezala. Ekaineko bero sapak ezagutuko zituen Jean Baptiste Constantin santagraztarrak; hauxe idatzi zuen Eskualduna aldizkarian 1911n: “Hurak hertü dira, onddo liliak jelkhi, / Arramaiatza jin ekhi sü tholtzeki”. Toltzeki. Toltz hitzak jo niri begia. Eguzki errea, sargoria esan nahi du, ekitoltza.

Eta ekaineko ekitoltz egun haiek datorkigunaren atari-aurrea besterik ez ziren. Maiz aipatzen dut solstizioak landareek hartzen dituzten erabakietan zein une garrantzitsuak diren. Egunargia mozten hasi edo luzatzen hasi, alde ederra dago eta landarearen zikloa erabat baldintzatuko du.

Udan sartu garen egunean, oraindik loretan ziren sagarrondoak (Malus domestica) bazituen sagarti batean aritu ginen belar ontzen. Logikoa eta sagarrondoarentzat onena hiru hilabete lehenago loratzea litzateke. Ea zer gertatu behar den aurten sagarrarekin... Nor igarle?

Bigarren loraldia ere izaten duten landareak ere badira. Neguaren amaieran edo udaberriaren hasieran loratuak dira magnolia tulipa (Magnolia x soulangeana) eta Txinako glizina (Wisteria sinensis). Urte asko bizi direnak dira biak eta urteroko loraldi deigarria hostoak zabaldu baino lehenago irekitzen dute. Apartak dira biak ere. Orain, hostajearen udaberriko hazkundea apaltzera doanean bigarren loraldia ematen dute. Eta negurako fruitu eta hazi gehiago prestatuko ditu. Lehen hura baino apalagoa da eta hostoen gainean ez da landare soilduaren gainean bezain ikusgarria, baina arreta erakartzen du. Nolatan bigarren loraldia sasoi berean? Zer arrazoi du?

Landarearen tokian pentsatzen jarri eta badaezpadako erabakia dela esango nuke nik. Landareek gauza asko egiten dute badaezpada. Bera sortu zuen ama hark eman zizkion aitaren eta bere gene haiek ahalik eta etorkizun seguruena izan dezaten loreak, haietatik fruituak eta haietan haziak ematera jartzen dira urtero. Nahikoa lana badute hasierako loraldi hartatik datozenei eutsi eta hazten. Landare gehienen joera da hori. Baina, badaezpadako bigarren loraldi bat ematera jartzen banaiz, zerk mugitzen nau? Zer erakusten dut? Udako ekitoltza baino gehiago bizitzeko adinako indarrean nago, negurako hazi gehiago sortzeko kuraia badut, gure amonak ondorengo gehiago izango du, lurralde gehiago esploratu eta kolonizatuko dugu.

Eta zu, ekitoltzak toltz, zure amonaren geneak hedatzeko prest al zara?