Twitter utzi eta Mastodon sare sozial libre eta banatuan kontuak zabaltzen ari dira azken egunetan erabiltzaile asko. AEBetan egoitza duen plataformak Espainiako Estatuko zenbait kontu, joera ezkertiarrekoak gehienak, itxi egin ditu azkenaldian eta horrek bultzatu du aldaketa.
Igande arratsean #YoMigroaMastodon traola Espainiako Estatuko Twitter erabiltzaileek gehien erabili zutenen artean ageri zen. Arrazoia: azken asteetan sare sozial horrek zenbait kontu itxi edo behin behinean bertan behera utzi dituela, kutsu eskuindar edo espainolistako haien kontrako boikot kanpainen ondoren.
Itxitako kontuen artean euskal herritarrenak ere badaude, adibidez 20.000 jarraitzailetik gora zeuzkan @DonMitxel_VI.
Mastodonera iritsi diren erabiltzaileek Twitterren antzeko sistema aurkitu dute, baina gauza batzuk diferenteak dira. Hasteko, ez dago multinazional handirik proiektuaren atzean.
Software librearekin egina dago eta sare sozial deszentralizatua da: mota honetako plataforma komertzialetan ez bezala, Mastodonen hainbat instantzia daude, elkarren artean federatzen direnak. Euskal komunitateari zuzendutako bi instantzia daude: Mastodon.eus eta Mastodon.jalgi.eus; ARGIAren kontua lehenbiziko instantzia horretan dago.
Urtebete eskaseko ibilbidea egin du gure artean sare sozial honek eta badirudi, enpresa handien sareetan geroz eta agerikoagoak bihurtzen ari diren zentsura kasuak ikusita, abantaila handiak dauzkala ideien adierazpen librean sinesten dutenentzat.