argia.eus
INPRIMATU
La Naval
Zergatik 129 milioi euroko ondare biziari ateak itxi?
  • LAB sindikatuak eskuratu ahal izan du La Navalen hartzekodun konkurtsoko administradorearen behin betiko txostena. Agerian uzten du Sestaoko ontziolak superabit handia duela: 129 milioi euro.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2018ko urriaren 09a
La Navaleko langileen bilkura Bilbon, ontziolaren itxieraren kontra (arg: CCOO Euskadi)

Zehazki, milioi erdiko zorraren aurrean, 129.722.475 euro dauzka ondasun eta eskubideetan La Navalek, sindikatu abertzaleak dioenez. Datuok agerian utzi dute ontziolaren balantzea “egokia” dela eta nahiko baliabide duela bere zorrei aurre egiteko.

Construcciones Navales del Norte enpresaren (La Naval) administrazio kontseiluak duela bi aste eskatu zuen likidazio fasean sartzea, inbertitzaile bat aurkitu ezean Vaan Oord armadore holandarrak Sestaoko instalazioetan draga-ontzia eraikitzen segitzeari uko egingo diola adierazi ondoren.

Likidazio faseak azkartu egin du La Navalek inbertitzaile bat aurkitu edo bere egoerari beste irtenbide bat emateko beharra. Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari eskatu diote ontziola erreskatatzeko eskaintza egin dezala, baina Iñigo Urkulluk joan den astean Eusko Legebiltzarreko osoko plenoan ezezko borobila eman zuen: “Europar araudiak dio ezin dugula halako finantza laguntzarik eman”.

LABek baina lehendakariari gogorarazi dio Emmanuel Macronen gobernuak gauza bera egin duela Frantzian.

Bizkaiko ehun industriala kinkan

Administratzaile konkurtsalaren txostenak, LABen ustez, erakusten du zer dagoen jokoan: 404 enpresa osagarri dira ontziolaren hartzekodunak, azpikontrata, hornitzaile eta zerbitzu-enpresak kontuan edukita.

Zeharkako enpleguaz gain, beste industria batzuekin dituen “sinergiak” nabarmendu ditu sindikatuak: “Ezkerraldea eskualde osoarentzat eta Bizkaiko industria egiturarentzat kritikoa da La Navalen gertatuko dena”.

Sestaoko Udalak ere ontziolak eskualde osoko industriarentzat duen garrantzia azpimarratu du, eta esan du 3.000 lanpostu daudela jokoan, udal talde politiko guztiek (EAJ, PSE, Sestao Bai Ahal Da, EH Bildu, PP) astelehenean sinaturiko adierazpenean. Urriaren 10ean, astezkenarekin, La Navaleko enpresa batzordeak deitu duen manifestazioarekin bat egin du Udalak.

Beste gozoki bat espekulatzaileentzat Nerbioi itsasadarrean

Kontuak garbi dituen enpresa estrategikoa zergatik hondoratzen utzi? Hori da ezkerraldeko herritar askok ulertzen ez duen galdera. Proiektu urbanistiko erraldoien mamua ikusten dute zenbaitek atzean.

Sestaoko Udalak publikoki eman behar izan du aditzera La Naval dagoen lurrak birkalifikatzeari ateak itxiko dizkiola “higiezinen operazio espekulatiboa helburu baldin badauka”.

Ontziola Nerbioi itsasadarrari irabazitako erriberako eremu lau zabalean kokatzen da eta bere garaian 300.000 metro koadro izatera iritsi zen, Bilboko Zorrotzaurreko penintsularen erdia gutxi gorabehera. 5.600 etxebizitza eta 1.420 milioi euroko hirigintza plana daukate aurreikusita atzoz geroztik irla bilakatu den auzo industrial zaharrean.