"Herri honetan zenbat eta gehiago eduki, orduan eta zerga gutxiago ordaintzen da, eta beraiek ordaintzen ez dutena beste batzuek ordaindu behar dugu", halaxe salatu du osteugn honetan Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak Bilbon, erreforma fiskala bultzatzeko programatutako ekitaldien barruan. EAEko eta Nafarroako gobernuak egoera horren "konplize" direla esan du sindikatuak.
ELAk kanpaina abiatu du erreforma fiskala eskatzeko eta horren barruan ekitaldia egin du ostegun honetan Bilboko Arriaga antzokiaren kanpoaldean, Zerga-sistema iraultzeko unea da lelopean. Mitxel Lakuntza sindikatuko idazkari nagusiaren arabera, inoiz baino beharrezkoagoa da erreforma hori: "Justizia sozialagatik ez ezik, krisiari irtenbidea emateko modua ere bada", esan du.
Enpresa handiek gehiago ordaindu dezatela nahi du ELAk. Izan ere, sindikatuak egindako ikerketa baten arabera, enpresa handiek irabazten dutenaren "hamar eurotik bakarra" ordaintzen dute zergatan. Aldiz, langileek ekarpen askoz handiagoa egiten dute, ogasunak jasotako hiru laurdenak haien soldatei ezarritako zergetan jasotzen ditu, honen arabera.
Joan den otsailean sindikatuak publiko egin zuen datu esanguratsu bat: EAEko 22 enpresa nagusiek zegokiena baino 225 milioi euro gutxiago ordaindu zuten iaz Sozietateen gaineko Zergan, ordaintzen duten tasa erreala %7,6 baita, %25 beharrean.
Atzean, hautu politiko bat dagoela dio ELAk eta Nafarroako eta EAEko gobernuak egin ditu egoera horren konplize: "Injustizia horrekin amaitzeko erreforma fiskala behar dugu”, aldarrikatu du Lakuntzak. Bere ustez "zentzugabea" da fiskalitatea erabiltzea enpresak erakartzeko, eta horren ordez politika industriala egitea eskartu du: berrikuntza, formazioa, hornikuntza sareak, komunikazioa eta beste hainbat arlo landuz.
ELAren proposamena xehe-xehe azaldu du Xabi Zabala sindikatuko Azterketa Bulegoko kideak. Esaterako PFEZean errenta altuen zerga-tasen igoera; kapitalari ezartzen zaion tasa espezifikoa eta Sozietateen Zergan kenkari eta pizgarriak kentzea; etekinen gaineko %25 tasa nominala ezartzea; ondare zerga eta honen errekargu progresiboa... "Borondate politikoa besterik ez da behar", esan du Zabalak.
Sindikatuak datozen asteetan ekitaldi gehiago egingo ditu Hego Euskal Herriko hiriburuetan, zerga sistema aldatzea eskatzeko eta bere proposamena plazaratzeko.