argia.eus
INPRIMATU
Analisia
Zerga politika: finantza kontua edo justizia soziala?

Ainhoa Etxaide Amorrortu 2022ko otsailaren 18a
Finantzen Euskal Kontseilua baikor agertu da ogasunen diru-bilketarekin (argazkia: Irekia)

Finantzen Euskal Kontseiluak pasa den urteko diru bilketaren berri eman du. 2020an baino gehiago bildu da, eta balorazio ezin baikorragoa da. Datorren urtean politika publikoak egiteko diru gehiago izango dute instituzioek.

Ez dute gezurrik esan. Baina egin daiteke bestelako irakurketarik, dirua nondik jaso duten begiratuz gero, adibidez. Enpresa-irabaziek eta ondare pribatuaren metaketak zuzentzen dute ekonomia, horiek dira ardatza. Baina paretik desagertzen dira zerga politika antolatzerakoan. Lansarietatik 6.114,3 milioi euro jaso ziren iaz, enpresetako irabazietatik, berriz, 1.155,1 milioi. Erreformaz erreforma, lansarietara bideratzen dena sortzen den aberastasunaren %50 baino gutxiago dela kontuan hartuz, bilketa ez da bidezkoa, ezta ahal bezain bestekoa ere. Nafarroako datuak argitaratzean ikusiko dugu, baina antzera. Fiskalitatea enpresak erakartzeko erabiltzen da han eta hemen, langileen bizkar utziz politika publikoak finantzatzeko zama.

Munduko Diru Funtsak Espainiako Estatuko lan erreforma txalotu du, baina ez dago gustura kontu publikoekin. Gehiegizko zor publikoa, pentsioen igoera handia eta desoreka fiskalak aipatu ditu, eta diru bilketa handitzea eskatu du. Aholkatzen duen bidea: BEZari eta ingurumenari lotutako zergak igotzea. Hau da, kontsumoa gehiago zergapetzea, finantziazio premien aurrean guztioi ardura berdina egotziz, izan langile, izan langabetu edo BBVAko jabe.

Ekonomista neoklasikoek ekonomia merkatura mugatu zuten bezala, gobernu neoliberalek zerga politika kontabilitate ariketa huts bihurtu dute herritarren begietara. Finantziazio iturrira mugatuz, bere jatorrizko funtzioa ezkutatu dute: aberastasuna banatzea. Guk ere, sarritan, finantziazioan oinarritzen ditugu  gure eskaerak eta proposamenak,  baina benetako auzia zera da: bidezkoa den ala ez.