argia.eus
INPRIMATU
Zerga iruzurraren behatokia osatzeko proposamena errefusatu du Eusko Legebiltzarrak
  • Iruzurraren aurkako behatoki bat sortzeko legez kanpoko proposamena egin dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek. EAJren, PSE-EEren eta PPren ezezko botoek atzera bota dute.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko martxoaren 10a
Leire Pinedo EH Bilduko legebiltzarkideak behatokia sortzeko proposamena defendatu du. Arg.: Juanan Ruiz / Argazki Press)

Ekonomia arloko hiru katedradunek —Mari Carmen Gallastegik, Javier Fernandez-Machok eta Ignacio Zubirik— EAEko zerga iruzurrari buruzko txosten bat aurkeztu zuten iaz. Iruzurraren aurkako borrokan dauden hutsuneez ohartarazi zuten eta besteak beste, behatoki baten beharra nabarmendu zuten. Foru aldundiek, berriz, ezetza eman zioten behatokiaren proposamenari, ohar bateratu baten bitartez. Egun dagoen batzordeak lan hori betetzen duela arrazoitu zuten.

Ostegunean proposamena Legebiltzarrera eraman zuten berriro ere, kasu honetan EH Bilduk eta Podemosek, legez besteko proposamen baten bitartez. Iruzurra kuantifikatzea, neurri prebentiboak proposatzea eta aldundiek kobratzerakoan egiten duten lana ebaluatzea izango lirateke organoaren eginkizun nagusiak.

Aldundiek duten batzordearen emaitzak hobetzeko baliagarria izango litzatekeela argudiatu zuten. Katedradunek adierazitako hutsuneak gogorarazi zituzten eta organo berri baten sorrera “jauzi kualitatiboa” izango litzatekeela esan zuten, iruzurraren aurkako borrokan “sinesgarritasuna” emango lukeelako.

Atzera bota zuten proposamena, baina, EAJren, PSE-EEren eta PPren ezezko botoek. Gastu publikoa handitu eta hobekuntzarik ekarriko ez lukeela argudiatu zuten alderdi horiek. Iruzurraren aurkako pedagogian ez laguntzea leporatu zieten EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi.