argia.eus
INPRIMATU
Zerga-iruzur karguak ukatu ditu Victor Bravo senatari jeltzale ohiak epaiketako lehen saioan
  • Victor Bravo senatari jeltzale ohia bere burua defendatzen ari da zerga-iruzurra egozten zaion epaiketan. Lehen saio honetan, Bravok ukatu egin du Gipuzkoako Ogasunari iruzur egin ziola.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko irailaren 18a
Victor Bravo senatari ohia. Argazkia: eldiariodelnorte.es

Ogasun publikoaren aurkako delituak egozten zaizkio EAJko senatari ohiari. Bravo Gipuzkoako Ogasunaren zuzendaria izan zen 1991 eta 2003 artean, eta egozten zaizkion hiru delituak Kataluniako etxebizitza-enpresa baten bidez egin zituela uste da. Zehazki 2003 eta 2006 artean Kataluniako enpresa hori, Glass Costa Este Salou, Gipuzkoara ekartzea egozten zaio, bertako zerga-abantailez aprobetxatzeko, nahiz eta enpresa horrek jardunik ez izan bertan. Fiskaltzaren arabera, iruzurren bitartez enpresak irabaziengatik %1eko zergak ordaindu zituen, legez ordaindu beharreko %28aren ordez.

Bravok epailearen aurrean esan du enpresa horretan hartu diren erabakiez ez dakiela ezer, ardurarik eskatzen zuen kargurik ez zuela eta enpresaren %6,66 bakarrik zegoela bere esku. Glass Costa enpresaren egoitza fiskala Gipuzkoan ezartzeko prozedura guztia legezkoa izan zela ere defendatu du, enpresaren zuzendaritza praktikan Gipuzkoan zegoela ziurtatuz. Aldi berean, enpresaren administrazio kontseiluak hartutako erabakietan ez zuela parte hartzerik izan esan du.

Irailaren 18 eta 19an egingo diren epai-saioetan, Victor Bravok eta Fernando Isidoro Gonzalez bazkideak 1,8 milioiko iruzurra egin zutela frogatzen saiatuko da Donostiako lehen Epaitegi Penala. Gonzalezek Bravoren etxean helbideratu zuen bere bizitokia. Akusazioek biei egozten diete helbideratzea “itxurazkoa” izatea, Glass Costa enpresa Gipuzkoan ezartzeko baldintzak betetzeko asmo hutsarekin. Bravok adierazi du bigarren auzipetua etxean hartu zuela “lagun minak” zirelako.

Iruzurraren tamainaz kalkulu ezberdinak egin dituzte Fiskaltzak eta Espainiako Estatuko Abokatutzak; hori dela eta, kartzela-zigor eskaera ezberdina egiten du batak eta besteak: Fiskaltzak sei urteko kartzela zigorra eskatzen dio bakoitzari, eta Estatuko Abokatutzak, berriz, bederatzi urtekoa.

Estrategia judiziala

EAJko senatari ohiaren estrategia egozten zaizkion delitu guztiak ukatzea da, hark enpresan zuen influentzia “oso urria” zela argudiatuz. Horrez gain, enpresak “legeak eskatzen dituen betebeharrak” betetzen zituela baieztatu du Bravok, hau da, egoitza fiskala eta administratzaileen bizilekua Euskal Autonomia Erkidegoan zeudela.

Aurreikustekoa da ministerio publikoak argudio horren aurrean gogora ekarri nahi izango duela Bravok Gipuzkoako Ogasunean zer nolako ardurak izan zituen eta kargu horretan zebilenean Glass Costa Este Salou enpresari erregimen berezia eman zitzaiola. Azkeneko horren berririk ez zuela esan du dagoeneko Bravok epailearen aurrean.

Akusatutako senatari ohia abokatua da ofizioz, eta bere burua defendatzea erabaki du; beraz, akusatuaren eserlekutik hitz egin beharrean, defentsaren aulkitik hitz egingo du epaiketak irauten duen bitartean.