argia.eus
INPRIMATU
Hobbea
Zereal ekoizleen eta okinen mugaz gaindiko harremanak sustatzen
  • Nafarroako Hazialdekoren, Ipar Euskal Herriko Biharko Lurraren Elkartearen (BLE) eta Gipuzkoako Biolurren arteko elkarlanetik sortu berri da HoBBea, mugaz gaindiko proiektua. “Garien bueltan bagenuen aspalditik harremana gure artean, baina, nolabait, harreman horiek formalizatzeko modu bat da egitasmoa”, azaldu du Lorea Lizarreta Intsausti Hazialdeko-ko koordinatzaileak. Zereal ekoizleak daude Hazialdekon; Biolurren, berriz, okinen taldea dute, gariak hautatzen urteetako esperientzia duena; eta BLEk urteak daramatza laborari-okinen figura sustatzen. Elkarri zer ikasia eta irakatsia badute, beraz.

Garazi Zabaleta 2024ko irailaren 08a

Lau helburu nagusi zehaztu dituzte HoBBea proiektuan. Bata, aipatu bezala, elkarren arteko lankidetza indartzea eta egonkortzea. Bigarrena, lurraldeko gari populazioak pixkanaka berreskuratzea: “Gure helburuetako bat da Euskal Herrian garai batean lantzen ziren gari barietateak berreskuratzea eta horiek ogiraino eramatea, alegia, ez daitezela laborategian gelditu”. Bigarren helburu horri lotua doa hirugarrena, jakintza eta ezagutzari dagokiona. Izan ere, hiru taldeetako zereal ekoizle eta okinek badute honezkero sekulako jakintza eta esperientzia, eta hori partekatzea da ideia. “Esaterako, aipatutako bertako gari barietateak agronomikoki nola landu, okintza prozesua nola egin… liburuetan ez dagoen informazioa da hori guztia”, esan du Lizarretak.

Laugarren eta azken helburua, aldaketa kulturala da. “Lanketa eginen dugu bai okinekin eta bai laborariekin, bertako gari ekologikoak erabiltzearen garrantzia azaltzeko eta zabaltzeko, baina baita saltoki eta kontsumitzaileekin ere”, azaldu du. Izan ere, agroindustriatik azken hamarkadetan bultzatu den eredu nagusia irin etxe handiena da, irin etxe txiki asko desagertzera eraman dituena, eta gauza bera gertatu da zerealetan ere: “Merkatu globala da, merkatu handietan ezartzen dira prezioak, eta zaila da bide alternatiboak egitea”. Gaurko okintza guztiz lotua dago irin-industria handi horretara, eta kontsumitzaileak ere ogi homogeneo estandar horretara ohitu dira. Kontzientzia piztea eta masa kritikoa sortzea lanketa garrantzitsutzat dituzte.

Lehen topaketak maiatzean

Nafarroa Beherean egin zituzten HoBBeako lehen topaketak maiatzean, eta balorazio oso positiboa egin dute. 30 lagunetik gora elkartu ziren, tartean nekazariak, okin-nekazariak, okinak, teknikariak, agroekologiaren munduko elkarteak eta herritarrak… “Elkarrizketa eta ikuspegi trukaketa interesgarriak egon ziren. Batik bat gari barietateen hautaketari buruz aritu ginen lehen saio hartan”, azaldu du Hazialdekoko teknikariak.

Udazkenean Gipuzkoan eginen dituzte bigarren topaketak. “Aurrera begira, elkarte bakoitzak jasoak eta karakterizatuak dituen gari barietateak bildu eta horiek ugaltzea da asmoa, ogi probak egiteko”. Zestoako Iraeta auzoan martxan den Amillubi proiektuan ere hazi horiek jarriko dituzte soro batean, ugalketarako. “Gustatuko litzaiguke hurrengo urtera begira, gari horietakoren batekin landatik okintzarako pausoa ematea eta dastatu ahal izatea”, amaitu du.