argia.eus
INPRIMATU
Sektore publikoko grebak jarraipen “oso zabala” izan du sindikatuen arabera
  • Hiriburuetako manifestazioetan 30.000 langilek baino gehiagok hartu dute parte, antolatzaileen esanetan. Eusko Jaurlaritzak adierazi du, ordea, grebak izandako parte hartzea "apala" izan dela. 

Izaro Villarreal Lauroba 2023ko urriaren 26a
Argazkia: ELA Sindikatua

ELA, LAB, CCOO, SATSE, ESK eta Steilasek deitutako bi greba egunetan lehenengoa izan da atzokoa. Langile publiko guztiak zeuden deituta: Eusko Jaurlaritzakoak, aldundietakoak, udaletakoak eta Espainiako Estatukoak, 152.000 langile guztira. Sindikatuek adierazi dutenez, parte hartze “oso zabala” izan dute mobilizazioek eta “gustora" daude "langileek lanuzteei emandako erantzunarekin”. Eusko Jaurlaritzak aditzera eman dituen datuak, ordea, ez datoz bat sindikatuekin, eta grebaren jarraipena “apala” izan zela azpimarratu du Jon Agirre Eusko Jaurlaritzako Lan Harremanen zuzendariak. 

Zerbitzu publikoak indartzeko, soldata eta enplegua hemen adostu! lelopean atera dira kalera milaka langile, eta soldatak zein lan baldintzak “hemen” adostu ahal izatea eskatu dute. Sindikatuen arabera, deitutako mobilizazioetan 30.000 langile baino gehiagok hartu dute parte: Donostian 10.000, Gasteizen 6.000 eta Bilbon 15.000 baino gehiago. “Zerbitzu publikoak indartu”, “Hemen lan egin, hemen erabaki” eta “Borroka da bide bakarra” bezalako oihuak entzun dira hiriburuetako karrikaketan.

Eskakizun zehatzak

Bestelako eskari batzuk ere mahaigaineratu dituzte sindikatuek: Espainiako Gobernuak eragin duenez azken hamarkadan langile publikoek erosteko ahalmena %20 galtzea, erabakitzeko ahalmen hori berreskuratzea eta soldatak %10 igotzea; sektore publikoko lanpostuetan dagoen behin behinekotasun tasa egungo %49tik %8ra jaistea; zerbitzu publikoak pribatizatzeko joera amaitzea eta sektorea euskalduntzea, besteak beste.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, sindikatuei erantzunez adierazi du baliabideak mugatuak izateaz gain, “eskaera guzti horiek betetzea" ez dagoela "Jaurlaritzaren esku".  Agirrek berriz, eskatu die “jarrera maximalistak” alde batera utzi eta Mahai Orokorrean eta sektorekako mahai zein foroetan “negoziatzen jarraitzea",

Jarraipena, datuetan

Sindikatuek berretsi dute grebaren parte hartzea “arrakastatsua” izan dela sektore gehientsuenetan. Komunikabide eta garraio publikoari dagokionez, greba “ia erabatekoa” izan dela esan dute eta gainontzeko sektoreetan, izan hezkuntzan, udal eta aldundietan, Osakidetzan, Administrazio Orokorrean eta Justizia administrazioan, “jarraipen zabala” izan duela.

Eusko Jaurlaritzak, ordea, grebaren parte hartzea “apala” izan dela adierazi du, sektore ezberdinetako datu zehatzak emanez: Administrazio Orokorrean %12,03; Hezkuntzan %41,4; Osakidetzan %5,9 eta Segurtasunean %3,42.

Gehiengo sindikalak grebara deitu ditu Sektore Publikoko langileak hurrengo abenduaren 19an.