Zeraingo Aranburu baserriko jabeak atxilotu dituzte langile eskubideen aurkako delituengatik. Idiazabal gazta egiteko hainbat langile kontraturik gabe zeuzkaten eta zazpi eguneko lan jardunaldiak egin behar izaten zituzten. Hori guztia 300 edo 400 euroren truke.
Senar-emazte zeraindar batzuk atxilotu ditu Espainiako Poliziak langile eskubideen aurkako delituak egotzita. Ikerketa maiatzaren 29an hasi zuten, Gipuzkoako Gizarte Segurantzak eta Laneko Ikuskaritza Probintzialak eskatu eta gero.
Langileak artalde baten zaintzaz arduratzen ziren eta ikuskaritza egin zuten momentuan, lau langile zituzten kontraturik gabe eta Gizarte Segurantzan afiliatu gabe. Langileek Poliziari adierazi zioten beraien lan jardunaldia zazpi egunekoa zela eta gaixorik zeudenean ere ezin zutela atseden egunik hartu. Horretaz gain, nagusien nahiaren arabera ordaintzen zietela adierazi zuten, 300 eta 400 euro artean.
Langileek azaldu zutenez, ez zuten animaliak zaintzearen inguruko formakuntzarik jaso. Animaliekin lan egiteko babes neurririk gabe lan egiten zutenez, gaixotasunak kutsatzeko arriskua zeukaten. Aditzera eman dutenez, jabeek bazekiten langileek familiak zituztela jatorrizko herrialdeetan eta dirua bidali behar zietela. Egoera horretan langileei ez zitzaiela baldintza prekario horiek onartzea besterik gelditzen, azpimarratu dute.
Jatorrizko izendapen Idiazabal gaztaren presidente Felix Ajuriak eta Lurralde Oreka Berdeko diputatu Xabier Arrutik idatzia zabaldu eta aditzera eman dute horrelako egoerak “justifikaezinak” direla, eta ez dutela “lehen sektorearen errealitatea ordezkatzen”. Xabier Arrutik adierazi duenez, “denbora askoan gatoz lanean, sektore honetan lan baldintza duinak izan daitezen, eta ez dugu onartuko Gipuzkoako gaztagile, abeltzain eta nekazarien irudia zikintzea”. Ajuriak azpimarratu du “argi eta garbi” babesten dutela sektorearen jasangarritasuna eta horregatik, alde sozialari ere garrantzia ematen diotela, “baserrietako jabeen eta haien langileen lan baldintza duinak errespetatzea barne”.