Zurak eta egurrak gure aurrekoen bizitzako zutikai eta makulu izan dira. Energia iturri berriztagarria, eraikuntzarako gai paregabea, altzarigintzarako, ontziak egiteko, musika tresna, jostailu, artelan... Gaur egun bueltan datorzkigu zura eta egurra: etxe barru gozoak egin nahi ditugunean, bertako energia erabili nahi dugunean... Material bikaina da zuhaitzek eta arbolek ematen dutena, prestua eta jatorra.
Ohiko erabilera ezagun horiez gain, enborretatik eta adarretatik eratorritako gaiek beste erabilmolde batzuk ere izan dituzte. Azaletik ateratzen dugun kortxoa edo tortotxa ezaguna da, batez ere artelatzarena (Quercus suber). Sukaldean hain gurea dugun kanela kanelondoaren (Cinnamomum verum) barruko azala da. Kinaren zuhaitzaren (Cinchona officinalis) azaletik kina ezaguna lortzen da, malariari aurre egiteko lehenengotako botika. Azaleko tanino asko erabili izan dira larruak ontzeko.
Konifero batzuen azalaren erabilera bitxia proposatu zuen Yudinek 1986an: aziendarentzako bazka, elikagai osagarria. Pinu (Pinus spp.), zedro (Cedrus spp.) edota izei (Abies spp. eta Picea spp.) zuhaitzen 6 kilo azal eho, perretxiku mizelio, 1-2 kilo belar ondu edo silo-zuloko, 70 gramo gatz, 50 gramo P-Ca osagarri eta 2 kilo landare edo arrain hondakin 5 orduz lurrunetan egosi, 20-30º C-tara hoztu eta kitto. Behiak eta txerriak elikatzeko, eguneko 0,5 kg-ko dosietan. Luarra edo samatsa sortzeko ere ez da txarra enbor azala. Luar pila harrotu egiten du, eta horrek lehen hartzidurak sustatzen ditu.
Urkiaren (Betula spp.) azala aldean eramateak xirmi-xarmetatik, sorginkeriatik eta begizkoetatik babesten duela diote. Intsusarenak (Sambucus nigra), berriz, haluzinazioetatik urrunduko zaitu.
Azti, sorgin, belagile eta igarleek aztikeriatan eta igartze antzetan erabiltzen dituzten hagaxkak intsusa, hurritza (Corylus avellana), xarma (Carpinus betulus) eta igarle- edo azti-hurritzaren (Hammamelis virginiana) txardengo adarrekin egin izan dira. Hurritz mota horren euskal izenik ez dut topatu, eta galegoz erabiltzen dituzten biak ekarri ditut.
Papergintzan zelulosa egiteko, izeia, pinua, alertzea (Larix spp.), eukaliptoa (Eucaliptus spp.), urkia, lertxuna (Populus tremula), makala (Populus nigra), pagoa (Fagus sylvatica), astigarra (Acer spp.), tuliperoa (Liriodendron tulipifera) eta abar erabiltzen dira.
Zedro zurak armiarmak eta sitsak uxatzen dituela diote. Zedroak berak eta haltzak (Alnus glutinosa), haginak (Taxus baccata) eta mitreak (Myrtus communis) arkakusoak urruntzeko indarra omen dute.