argia.eus
INPRIMATU
“Zer nahiago, mediku ona ala euskalduna?” Ditxosozko galdera, baita XIX. mendean ere
Axier Lopez @axierL 2020ko ekainaren 12a
Michiel Jansz. van Mierevelt margolariaren lan bat.

1855ean kolera gaitzak gogor jo zuen. 122 lagun hil ziren Zumaian. Horietako bat herriko zirujaua izan zen. Bera eta medikua ordezkatzeko Eusebio Gurrutxaga alkateak lan-deialdia plazaratu zuen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Iragarkiko azken esaldian hala zioen: “advirtiendo que ambos profesores deberán poseer el idioma vascongado”. Euskara jakitea lehentasun.

Ondoren, aurkeztutako hautagaien artean bozkatu zuten udaletxean. Zinegotziek hiru aldiz bozkatu eta hiruetan berdinketa. Bina boto Manuel de Pedrazaren alde, eta beste biak Toribio Ibasetarentzat. Ibasetak euskaraz zekien, Pedrazak ez.

Berdinketa apurtzeko herriko beste 11 handizkirekin jorratu zuten gaia. Bilera horretan zinegotzi batek hala esan zuen euskara jakitea lehenetsiz: “aunque el Señor Pedraza fuese preferido por la Universidad y tenía más práctica en su concepto, el Señor de Ibaseta debía ser preferido por cuanto posee el idioma vascongado”. Hau da, ustez formakuntza profesional handiagoa izatea ezin da herritarrekin komunikatzeko gaitasunaren gainetik jarri. Handizki batek, ordea, aurka egin zion zinegotziari euskaldunok gaur egun sufritzen dugun lelo ezagun bati helduz: “Siendo el médico para curar o estudiar enfermedades, más bien debía atenderse a los conocimientos científicos y a la práctica que al idioma y que no podía haber duda en la elección”. Euskaldunon eskubideak lan-munduan azpiratzeko ohiko jukutria, XIX. mendean.

Azkenean, bozketa eginda, Ibaseta mediku euskalduna hautatu zuten zortzi botorekin. Handik aurrera ere askotan azaldu zen euskararen gaia antzeko hautaketetan. Adibidez, Oikiako auzo-alkateak zegokien zergak ez ordaintzeko mehatxu egin zuenekoa: “los moradores de su valle de Oiquina, no contribuirán cosa alguna siempre que sea castellano el médico que les asista”. Hau da, guk ordaindu eta guri ulertu ez. Nola ba?

Imanol Azkuek dokumentatu duenez, Zumaiako Udalak jendaurreko bestelako lanpostuak atera behar izan zituenean, ia beti kontuan izan zuen euskalduna izateko baldintza edo lehentasuna. 1936ko militar eta erlijioso faxisten estatu kolpera arte.