Bertako jatekoei buruz kontzientzia piztu eta tokiko ekonomia indartzeko egitasmoa abiarazi du Baztango Udalak.
Zer jan, halako Baztan herritarren artean bere honetako jatekoei buruz kontzientzia piztu eta tokiko ekonomia indartzeko Baztango udalaren iniziatiba da. Apirilaren 5ean aurkeztu zuten Arizkunenean Joseba Otondo Baztango alkateak eta ekimena patrozinatu duen Albaitaritza enpresako Julen Huarte gerenteak.
Aurkezpenean aipatu zutenez, «badira herritarren eskuetatik urrun diren gauzak eta badira herritarren eskura diren gauzak. Gure eguneroko kontsumo ohitura aldatzea norberaren eskuetan dago. Eguneroko erosketetan bere honetako produktuak erostea norberaren eskuetan dago. Tokiko ekonomia konpromiso eta konplizitate aunitzekin egiten da eta, horretan, herritarrok zer egin aunitz dugu».
Bere honetako jatekoak nekazaritza sektoreak ematen dituela ere gogorarazi zuten: «Sektoreak bizi duen krisia ez da oraingoa, aspalditik heldu da. Kontsumitzaileok zerbait egiten ez badugu, nekazaritza Baztanen desagertuko da eta tokiko ekonomia ahulagoa izanen dugu. Orduan, nork produzituko ditu kalitateko jatekoak? nork zainduko ingurua? Nork altxatuko hainbertze jakitate eta kultura?».
Zer jan halako Baztan ibilian ibiliz eginen den proiektua izanen da. Oraingoan etxe guztietarat igorri duten eskuorria da. Eskuorri hauekin Baztango produktuei buruzko interesa piztu eta hauen garrantziaz oharatarazi nahi dute. Betiko produktuak modu berrian prestatzeko modua erakutsi nahi dute, produktu modernoak eginez, oraingo mundurat egokituak. Halaber, bizia zein agudo mugitzen den jakinik, fite prestatzeko errezetak izanen dira. Oraingoan ardiaren esnearekin baratxuri zopa, zenderena opilak eta ardi-esne flanak egiteko errezetak prestatu dituzte.
Eskuorri hauetan bertzalde, produktu hauek nola egiten diren aipatzen dute, ardi-esnearen kasuan artzaintzari buruz arituz eta honen balioa aipatuz: elikagai onen ekoizpena, paisaiaren zainketa…
Bertzalde, sektoreari buruzko datuak ere ematen dituzte, produktu hauek Baztango ekonomian duten garrantziaz ohartzeko eta produktuen balio nutrizionalari buruzko argibideak izateko. Eskuorriak produktuaren gaineko ikuspegi osoa ematen du: ekonomikoa, kulturala, nutrizionala… Horrela, produktuen garrantziaz osoki ohartu gaitezen. Eskuorri hauek udalaren webgunean www.baztan.eus webgunean eskura egonen dira eta, hor ere, Zer jan halako Baztanen informazio guztia bilduko da.
Errezetak Belen Urrutia sukaldariak Xaloa Telebistan prestatuko ditu eta baztandarrek, errezeta hauek ikasteko aukera izanen dute. Eskuorrian errezeten emisio egunaren berri ematen da. Belen Urrutiaren prestutasuna eta borondate ona ere eskertu nahi dute. Errezeta horiek egitera animatuz gero, hemengo produktuak erosi beharko dira eta hemengo produktuak erosiz gero hemengo ekonomia eta nekazaritza indartzen da.
Zer jan halako Baztan laneko ildoa arras inportantea da eta horren inguruan elikadura buruajabetza ardatz hartuta esku hartze sendo, egituratu eta estrategikoa egin nahi du udalak.
Akitzeko, Joseba Otondo alkateak aipatu zuenez, «Albaitaritzaren babesik gabe proiektu honen lehendabiziko iniziatiba honek ez zuen argirik ikusten ahalko. Hortaz, Albaitaritzari zintzoki eskertu nahi diogu proiektua babesteko egin duen eginahala eta sektorearekin duen konpromisoa. Zer jan, halako Baztan. Tokiko ekonomia bakoitzaren eta denen konpromisoarekin».
Albiste hau Erran.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra