argia.eus
INPRIMATU
Euskal literatura itzulia
Zer irakurtzen diguten katalanek eta zergatik hain gutxi
  • Katalanera itzulitako euskal literaturak 1982tik 2020ra bitartean izan duen bilakaera aztertu du Aritz Galarraga Lopetegik aurtengo martxoan defendatu duen doktore-tesian. Ikerketak bi kulturen arteko harremanari buruz dauden zenbait uste datuekin kontrastatzeko balio du, baita gertatzen ari den eboluzioaz jabetzeko ere.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2022ko abuztuaren 16a
Irudia: Paula Estévez

Topikoak dio euskaldunen eta katalanen artean afinitate handia dagoela. Gustatzen zaizkigula katalanak. Beste hark esango lukeen moduan, “gauzak” egiten dituztelako. Edo gaztelania ez den hizkuntza batean funtzionatzen dutelako, guk (ejem) bezala. Edo kontu are politikoagoengatik. Auskalo zergatik, baina bada zerbait hor. Gustatzen zaigu paraje haiek bisitatzea ere. Eta beraiei, gure klima terriblea gorabehera, antzera pasatzen zaie: jarri belarria hemen inguruko kale turistikoren batean udan, laster desberdinduko duzu gainontzeko bisitarien artean Vilanova i la Geltrútik etorri den Montseren ahoskera mediterraneoa, “avui també plou? Quines vacances de m...” esaten.

Hori horrela denez gero, pentsa zenezake afinitate kulturala ere egon daitekeela. Berez etorri beharko lukeela, adibidez, gure liburu esanguratsuenak katalanera itzultzea eta hango irakurleen artean harrera on samarra edukitzea. Ez da horrelakorik gertatzen ordea. Edo ez guztiz. Edalontzia erdi beteta ikusi nahi duenarentzat, badira datu deigarriak, adibidez gaztelaniaren ondoren katalanera itzultzen direla euskaratik liburu gehien, frantsesaren eta ingelesaren aurretik. Eta egia da inoiz ez dela orain bezainbeste liburu itzuli izan. Baina titular gisa ondo gera daitezkeen esaldi horien pean datuak daude, edalontzia erdi hutsik dagoela esanez: 2010etik 2020rako hamarkadan, urteko bost liburu itzuli ziren katalanera gehienez. Kopuru oso xumea, alegia.

Aurreiritzietatik datuetara

Bi literaturen arteko harremana sakon aztertu du Aritz Galarraga Lopetegik La literatura vasca traduïda al català (1982-2020) doktore-tesian. Aurtengo martxoan Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan defendatu zuen lan hori oso baliagarria da “airean bezala zeuden ideia batzuk” –aipatutako afinitatea, adibidez– datuen bidez konfirmatzeko edo gezurtatzeko. “Izan ere, hazka pixka bat egin eta ikusten duzu, tesiak hartzen duen kronologian, 1982-2020, guztira 58 helduentzako liburu itzuli direla euskaratik katalanera. Tarte bertsuan, 1975-2006, ingelesetik katalanera prosazko, eta bakarrik prosazko, 3.282 lan itzuli ziren, frantsesetik 1.110 eta alemanetik 706”, azaldu du Galarragak. Import/export balantzea desorekatuta dagoela ere begi-bistakoa da: “Euskaratik bigarren lekuan katalanera itzultzen den bitartean, argi dago katalanetik euskarara itzultzea ez dagoela katalanen lehentasunen artean”.

Hori zerk eragiten duen ere aztertu du ikertzaile eta idazle hondarribiarrak eta, hasteko, euskarazko liburuak kanpoko irakurleentzat itzultzea fenomeno oso berria dela nabarmendu du: “Euskal literatur sistemak, zentzu guztiarekin, beste hizkuntzetako literatura euskarara ekartzea lehenetsi zuen 80etan, 90etan, kontrako norabidean itzultzen hasi aurretik. Are gehiago, esango nuke euskal literatura beste hizkuntzetara itzultzea oraindik ere hasierako fase batean dagoela”. Erantsi du “herabe samar” sumatzen dituela hemengo eragileak ildo horretan, atzerrirako itzulpena “urrun baitago oraindik zerbait lehentasunezkoa, estrukturala izatetik”.

Atxagak irekitako bidetik

Tesian nabarmen geratzen den beste kontu bat da bi literaturen arteko zubiak ez direla beti zuzenak izan, “Espainiako sistema literarioak pisu handia izan duela kasu batzuetan”. Urte luzez katalanera zer itzuli erabakitzeko, nolabait esateko, eskala egiten zen Madrilen, gaztelaniazko unibertsoak sekulako indar legitimatzailea eduki duelako. Eta Galarragaren arabera, “Espainiako sistemak ‘literatura periferiko’ deitu izan diren horietako ordezkari bana” bakarrik bihurtu du ikusgai. Euskal literaturaren kasuan, Bernardo Atxagak bete du rol hori.

Asteasuarra da katalanera gehien itzuli duten euskal idazlea, guztira hamabi liburu. 1990ean Obabakoak-ekin hasitako bideak ia 20 urteko jarraipena izan zuen 2009an Zazpi etxe Frantzian itzuli zioten arte. “Tarte horretan, maiz Atxagarenak ziren urtean itzultzen ziren liburu bakarrak –90eko hamarkadan adibidez, guztira bederatzi liburu itzuli ziren, horietatik sei Atxagarenak–”. Sendoak ziruditen apustuak ere jarri ziren martxan: La Magrana argitaletxeak “Bernardo Atxaga biblioteka” sortu zuen, idazlearen obra osoa itzultzeko asmoz. Jaume Fuster eta Roald Dahl bezalako idazleek zeuzkaten horrelako bildumak argitaletxe berean. Galarragaren ustez, “horrek adierazten du garai hartan Atxagak sistema literario katalanean zeukan posizioa”. Zoritxarrez, editorialak izandako arazo ekonomikoengatik bilduma –eta argitaletxea bera, Kataluniako zigilu independente garrantzitsuenetako bat– desagertu egin ziren.

Azken urteetan gertatu den joera-aldaketa ere jasotzen du tesiak: “2009koa da Atxagari katalanera itzuli dioten azken liburua”, azaldu du. “Eta geroztik bere ekoizpen literarioak ez du etenik izan, liburu nabarmengarriak ere publikatu ditu euskaraz, Nevadako egunak (2013) edo Etxeak eta hilobiak (2019). Gaztelaniara itzuli izan diren liburuak, Alfaguara bezalako etxe inportante batean. Baina, katalanera ez”. Hutsune hori beste euskal idazle batzuen lanak itzuliz bete dute Katalunian, gure letren “ordezkaritza koralago” bat osatuz, Galarragaren ustez: “Euskal literaturan azken garaiotan gertatu den gauzarik interesgarrienetakoa izan da, zalantzarik gabe, emakumezko idazleen agerpen gero eta konstanteagoa. Bada, katalanera itzulitako euskal literaturak agerpen hori islatzen du azkenaldian, eta Eider Rodriguez, Uxue Apaolaza edota Katixa Agirreren liburuak hasi dira itzultzen katalanera”.

Dinamitatutako zubiak

Gaur egungo gure literaturaren argazki osoagoa eman dezakete, beraz, katalanera egindako azken itzulpenek. Baina, hala ere, badira nahiko deigarriak diren hutsuneak. Azpi-ordezkatutako idazleak daude, adibidez Koldo Izagirre –haren pare bat liburu baino ez dituzte itzuli: Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri eta Sua nahi, Mr. Churchill?– edo Arantxa Urretabizkaia –Zergatik Panpox 1982an itzuli zutenetik ez da haren lanik argitaratu Katalunian–; baita zuzenean ordezkatuta ez daudenak ere, eta ez edozein: Ramon Saizarbitoria, Itxaro Borda eta Anjel Lertxundi, adibidez.

Lehenago azaldutako arrazoiek esplika dezakete hori gertatu izana –kanpora begira itzultzeko ohitura falta, idazle bakarrak euskal literatura guztia ordezkatzea–, baina adibidez Joseba Sarrionandiarekin pasa dena aztertuta, arrazoi estraliterarioen pisua ere sumatu du Galarragak. “Modu nahiko garaikidean itzuli zuten lehen aldiz katalanera Narrazioak, 1986an, baina gerora 25 urtez baino gehiagoz egon da katalanez publikatu gabe”, azaldu du. “2012an itzuli zuten bigarren aldiz, eta geroztik beste bi lan ere itzuli dizkiote, Pol·len argitaletxearen eskutik, guztiak ere”.

Bi urte horien artean, 1986 eta 2012, gertakari bat dago: ETAk Hipercorren egin zuen atentatua. 21 hildako eta lurrikara bat eragin zituena, bai euskal gizartean, baita Kataluniakoan ere. “Puntu eta bereiz bat izan zen katalanek euskalduntasuna hautemateko moduari dagokionez”, Galarragaren ustez. Eztanda hura baino bederatzi egun lehenago Europako hauteskundeak izan ziren eta HBk ia 40.000 boto lortu zituen Katalunian. “Babes hori guztia hankaz gora jarri zuen, noski, atentatuak, zeina Kataluniako mugimendu independentistak ere gogorki kritikatu zuen”. Francoren diktaduran eta 78ko erregimena ezarri ondorengo lehen urteetan sendo samarra zen harremana arrakalatu zen Hipercor ondoren. Euskal auziari buruzko “pertzepzio aldaketa” horrek, Galarragak dioenez, “bete-betean harrapatzen du Joseba Sarrionandiaren figura, eta ondorioz obra”.

Itzulpen-politikarik bada?

Azken hamarkadako gertakariek –ETAren amaiera, Kataluniako prozesu independentista– berriz gerturatu dituzte, apika, bi herrialdeetako biztanleen sentsibilitate politikoak. Eta horrez gain, Etxepare Institutuaren sorrerak ere lagundu du euskarazko lan gehiago katalanera itzul daitezen. Zenbat lagundu duen zehaztea, ordea, beste errota bateko ura da: “Esan daiteke 2010ean sortu zenetik euskaratik beste hizkuntzetara egindako itzulpenak hasi direla hartzen nola-halako egitura bat, aurretik ez zeukatena”, dio Galarragak. “Baina, era berean, 2012an Etxepare Institutuaren laguntza jaso zuen lehen itzulpenetik hona publikatu diren guztiak kontuan hartzen baditugu, guztira 24, ikus dezakegu horietatik soilik bederatzik jaso dutela euskal erakunde horren diru-laguntzaren bat; eta, ondorioz, beste hamabostek ez dutela jaso inolako laguntzarik, gehiengo oso handiak. Horrek adierazten du Etxepare Institutuak euskal literatura beste hizkuntzetara itzultzeko sistematizazio minimo bat ekarri badu ere, gaur egunean oraindik, eta katalanera behintzat, itzulia izaterako orduan euskal literaturak beste bide batzuk hartzen dituela”.

Pol·len argitaletxea da beste bide horien erakusle nagusia. “Argitaletxe kooperatibo bat da, pentsamendu kritikoa sustatu nahi duten liburuak argitaratzen dituena, modu ekologikoki jasangarri batean gainera”, azaldu du Galarragak. Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean? argitaratu zuten katalanez 2012an eta geroztik beste bederatzi lan ere itzuli dituzte euskaratik katalanera. “Argitaletxeak nahiko leku periferikoa dauka Kataluniako literatur sisteman, baina euskal literatura katalanez ezagutarazteko egin duten esfortzu handia aitortu behar zaie”, Galarragaren ustez. Itzulpen politika sendoagoen faltan, horrelako aliatuak ezinbestekoak baitira. Bestela nekez interesatuko da gure literaturaz Vilanova i la Geltrúko Montse, bere etxera, klima dudarik gabe atseginagora itzultzen denean.

 

[Artikulu hau ARGIAren Aktualitatearen Gakoak 2022 100 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. ARGIA Jendeak paperean edo PDFan jasoko du, bakoitzak hautatu duen gisan. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta plazer handiz bidaliko dizugu! Gainerakoek, Azokan eros dezakezue]