argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA
Zer irabazi dugu Errejónekin?
Leire Artola Arin 2024ko azaroaren 04a
@ierrejon

Urriaren 24tik Espainiako Estatuko hedabide guztietako lerroburuak eman dizkiote Iñigo Errejóni, eta maiztu arte erabili dute haren izena, ezker-eskuin. Gutxitan ikusten den zarata mediatikoa lortu du, eta badirudi oihartzunak luze jarraituko duela. Orain matxismoari buruz denek omen dugu esatekorik.

Sare sozialetan eufemismoz eta ardurarik ezaz beteriko gutun bat argitaratuta aurkeztu zuen dimisioa Errejónek. Ez zuen aitortu bere erabakia sexu erasoak leporatu zizkiotelako zetorrenik; aldiz, ziurtatu zuen politika instituzionalaren “exijentziak” atzean uzteko beharra zuela, akonpainamendu psikologikoko prozesu pertsonala garatzeko. Hitz ponposoak erabilita, botereak eta famak gainezka egin ziotela zioen –hain zuzen, horixe da auziaren gako nagusietako bat: boterean eta boteretik erabiltzen den indarkeria–. Ordutik, zurrunbilo amaigabean sartu da eztabaida, baina mezu argi bat nagusitu da hedabide konbentzionaletan: feminismoak irabazi duela.

Zer, ordea? Zer irabazi du feminismoak? Errejón munstro gisa erakustea eta, lehen lerrotik ez ezik, jendartetik ere baztertzea? Heteropatriarkatu erraldoi honetan gizon matxista bat seinalatu eta “merezitakoa ematea”? Ezkerrean ere –sorpresa!– indarkeria matxista dagoela azaleratzea? Batzuek ospatu dute hedabide konbentzionaletan diskurtso feminista txertatu izana. Hortxe dago tranpa: feminismoz mozorrotutako diskurtso interesatuak hedatzen ari dira egunotan, emakumeei eta biktimei nola jokatu behar duten azaltzen dietenak.

Feminismoa zerbait bada, ahalduntze eta liberazio mugimendua da, paternalismotik urrundu eta elkartasunean oinarritzen dena. Baina Errejónen kasuarekin kontzeptu batzuk lausotu direla dirudi. Eztabaidari argi apur bat emateko asmoz, iritzi nagusitik kanpo dagoen gogoeta plazaratu du Cantoneras kolektibo feministak, eta emakumeok biktima paperetik ateratzeko beharra aldarrikatu du: “Ez gara biktima babesgabeak harreman guztietan, egunotan ulertarazi nahi den moduan”. Emakumeon aurkako epai moralaz ari dira, besteak beste. Salatu, epaitegietara jo, biktima zara, ez isildu, eraso egin zizun, erreparaziorako bide bakarra publiko egitea da. Yolanda Díaz berak ere sustatu du mezu hori. Hori da feminismoaren lorpena? Sexu erasoen beldur bizitzea da irabazi duguna? Kanpo epaien eta auzitegien mamurik gabe, norberak erabaki behar luke sexuan non dauden mugak, eta hala jakinarazi parekoari. Arazoa da gizonek oraindik ez dutela ikasi (nahi) muga horiek errespetatzen, eta boterea galtzea kosta egiten dela.

Feminismoz jantzitako epai moralak ematen ari diren tertuliakideez aparte, zorionez, zenbait autore ari dira zurrunbilotik atera eta ikuspegi eraikitzaileagoak eskaintzen, esaterako, Ctxt eta ElDiario.es bezalako hedabideetan. Euskal Herrira ekarri beharreko hausnarketak daude, zenbait dinamika aldatzeko abiapuntu izan litezkeenak. Adibidez, argigarria da Podemoseko kargudun ohiek diotena: indarkeria eta bertikaltasuna alderdiaren sorreratik egon direla. Galdera potolo ugari utzi dizkigute kazetari eta analista batzuek, botereari, ezkerreko indarkeriari eta sexuari buruzkoak. Askoz interesgarriagoa da horri heltzea, Errejónek zer nolako sexu indarkeria erabili duen xehe-xehe eta morboz josita aztertzea baino.

Gizon boteredun horren aurka epaitegiek ebazten dutena ebazten dutela ere, esan gabe doa ezin dela zalantzan ipini biktimek salatutakoa, eta erabat gaitzesgarria dela indarkeria matxista oro; are gehiago, botere posiziotik egindakoa.

Feministok ez dugu ezer berezirik irabazi Errejón auziarekin. Feministok jarraitzen dugu beti bezala gogoetatzen eta eztabaidatzen gertuko sareetan, faxisten atzaparretatik libre dauden giza sareetan. Agian, asteotan burutik baino gehiago tripatik hitz egingo dugu, Errejónek oroitarazi digulako harreman toxiko hura, indarkeria matxistagatik herriko eragilean ireki genuen prozesu neketsu hura, irakasle aurrerakoi hark bulegoan esan zigun hura, edo kuadrilla guztiak babestu zuen baboso ezkertiar hura. Jada ez gaitu ezerk harritzen.