Zer ikasi Kubako laborantza eta elikadura sistema (ezinbestean) agroekologikotik?

  • Amets Ladislao Kuban egon berri da bertako laborantza eredua eta elikadura sistema ezagutzen. Sobiet Batasuna (SESB) erori zenean eta jasaten duen mundu mailako blokeoa dela-eta, pestizida eta ongarri kimikorik gabe geratu zen Karibeko irla, eta kimiko horien ondorioz, lur oso pobretuarekin. Nola elikatu herria? Hori izan du Kubak iraultza osteko erronka handienetako bat eta ezinbestean bere elikadura sistema osoa agroekologian garatu du. Etxaldeko Emakumeak taldeko kidea eta Bizkaigane proiektuko langilea den Ladislaok azaldu du Egonarria saioan nolakoa den Kubako laborantza eta elikadura sistema eta Euskal Herrian erreproduzitu daitezkeen hainbat elementu nabarmendu ditu.


2024ko maiatzaren 15ean - 11:48
Azken eguneraketa: 13:03
Argazkia: lamemajagua.cu
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Eli Pagola Egonarria saioko aurkezleak gaia kokatzeko adierazi du Kubako laborantza eta elikadura sistema ezinbestean dela agroekologikoa, hori dela bere eredu hegemonikoa. Amets Ladislaok honela azaldu du Kubako bilakaera: "Kuban, iraultza egin osteko garaian, SESB-ek ematen zizkien ongarri kimiko pila eta pestizida guztiak. Garai hartan Kuban batez ere landatzen zena tabakoa eta azukrea ziren, monolaborantza ereduan. Baina SESB jausi zenean eta pairatzen duen mundu mailako blokeoagatik, Kuba ezer gabe gelditu zen eta orduan ikusi zituzten ekoizpen eredu horren ondorioak: lurra erabat hilda zegoen, monolaborantzan egiten zuten tabakoa eta azukrearekin ezin ziren elikatu eta ezin zuten Kubatik kanpo ezer erosi. Orduan eman behar izan zioten erabateko buelta ekoizpen ereduari".

Elkarrizketa zoragarria osorik ikus-entzutea gomendatzen dugu:

Jarraian, elkarrizketako hainbat ideia laburtu ditugu:

Herria elikatzea helburu, ingurumena eta osasuna zainduta

"Beraiek oso argi daukate hori: herria elikatu behar dela. Eta gainera, jasangarria izan behar duela", azpimarratu du Ladislaok. Ongarri kimikoen ondorioak sufritu dituztenez, ez dute biharko lurra hil nahi. Eta horrek guztiak osasunarekin duen lotura nabarmendu du: "Medikuntza Kuban oso garrantzitsua da, eta beraiek elikadura sistema hau osasunagatik ere egiten dute: badakite osasuntsu ekoizten bada herria osasuntsuago egongo dela eta gero osasunean gastu gutxiago ekarriko dituela. Beraiek osasuna beti daukate presente".

Herria elikatzeko Kuban gaur egun ortuari pila egiten dute, arroza lantzen dute, fruta, esnea (12 urtez beherakoek egunean litro bat esne hartu ahal izateko programa bat dute), okela... "Kate osoa daukate jada eta erabat dibertsifikatua dago", Ladislaoren hitzetan. Tabakoa eta azukrea egiten jarraitzen omen dute. Hala ere ekoizpenean defizita dutela azaldu du, eta saiakerak egiten ari direla gehiago ekoizteko.

 

Argazkia: izquierdadiario.es
Baserritarrek lurra dohainik, eta udalek tokian tokiko beharrak asetzeko antolatutako sistema

"Kuban baserritar izan nahi baduzu, lurra dohainik da. Lurra eskubide bat da", azaldu du Ladislaok. Baina hori bezain garrantzitsua da, bere ustez, lurren antolamendua elikadurari begira egina dagoela: "Lur hoberenetan ortuariak eta frutak jartzen dituzte, eta gero okela eta esne ekoizpenak. Ez hemen bezala, lur hoberenak industrian daudela eta abar. Esango nuke Kuba dela lurralde bakarrenetarikoa baserritarrak ez direnak azken ipurdia. Jendeak badaki zer garrantzitsua den baserritarrak egotea eta elikagai propioak ekoiztea".

Laborantzarako bi enpresa mota daudela azaldu du: bata da estatala eta bertako langileak dira laborari batzuk. Eta bestetik, laborarien kooperatibak daude, ANAP (Laborari Txikien Elkarte Nazionala gaztelerazko sigletan) egituran elkartuta daudenak. "Laborarien kooperatiba horiek lehenik estatuari saldu behar diote eta gero, Kuban zehar badira salmenta zuzeneko hainbat puntu eta nahi badute hor saldu dezakete", Ladislaok azaldu duenez. Kuban janaria "subentzionatuta" dagoela oroitarazi du, kartilla sistema famatuaren bidez.

Baina hain ezaguna ez dena, eta Ladislaoren hitzetan Euskal Herrian "garatu daitekeena, %100 kopiatuta", elikaduraren antolaketa munizipalista da: "Udalerri bakoitzak kalkulatzen du zenbat jaten duen herri horrek. Orduan, udalak ikusten du zenbat ekoizle dauden herri horretan eta ekoizleekin hitzartzen du erein baino arinago. Adibidez, '1.000 kilo yuca behar baldin badira eta 100 ekoizle bazaudete, bakoitzak hamar egin behar duzue' eta prezioa adosten dute, erein baino arinago. Hori ziurtasun itzela da baserritar baten ikuspegitik".

Kubako eredutik zer ekarri?

Elkarrizketan zehar aipatu dituen puntu positiboez gain, Kubatik elementu hauek ekarriko lituzkeela esan du Ladislaok: "Alde batetik, antolaketa sistema: beraiek komunitarioki erosten dituzte gauzak, ez dauka baserritar bakoitzak bere dena... Ezin dutenez beste modu batean egin, oraindik izaera komunitarioa dute eta nik uste dut hori ekarri daitekeela hona erraz, ze lehen baserriek izaera komunitario hori bazuten. Eta bestetik, prozesua ekarriko nuke: han oso argi daukate agroekologia ez dela helburu bat, askapen prozesu bat dela". Ladislaok grazia handiz kontatu du europarrok teknika multzo moduan ulertzen dugula askotan agroekologia eta horrek "mugatu" egiten duela: Kuban kontraesanak, akatsak eta erabaki aldaketak prozesuaren parte ulertzen dituztela.

Azkenik, "laboraritik laborarira" metodologia nabarmendu du: "Kubako laborantzan baserri batean arazo bat dagoenean, baserritar guztiak doaz baserri horretara eta ikusten dute arazoa zein den eta saiatzen dira beraien artean konpontzen. Batek esango du 'ba nik, arazo horren aurrean, nire baserrian hau egingo dut', eta beste batek 'ba nik hau', eta besteek 'ba nik hau'... Eta euren artean saiatzen dira arazoa konpontzen. Noski, hilero-hilero biltzen dira kooperatiban horrelako gaiak aztertzeko. Aldiz, beste lekuetan ohikoan harremanak hierarkikoak izaten dira: edo albaitaria, edo teknikaria, edo akademikoa edo nik zer dakit... Baina Kuban oso argi daukate baserritarron arteko jakintza dela beraiei balio diena. Akademia ondo dago, sistematizatu egiten duelako, baina Kuban oso argi daukate jakintza baserritarrona dela. Eta nik uste dut hori Etxalde taldean ere oso argi daukagula, guk ere baserritarron arteko trukaketak asko egiten ditugu".

Gaiaz gehiago jakiteko, hona Kubako agroekologiaz egindako dokumental bat:


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Egonarria
2024-06-19 | Estitxu Eizagirre
Nola biziberritu herriko azoka? Bergarako esperientzia

Bergaran Elikadura Mahaia martxan dute eta bertatik hainbat ekintza ari dira aurrera eramaten herriko azoka indartzeko eta baserritarren erreleboa lantzeko. Elikadura Mahaiko kide dira Jon Ruiz de Egino baratzezaina, Eskubaratz proiektuko kidea. Eta Aitziber Plazaola dendaria,... [+]


2024-06-07 | Estitxu Eizagirre
Manuela Jauregi, eguneko arrantzalea
“Urtez urte olagarroa gutxitu egin da, zerbait gertatzen da itsasoko urarekin, hori argi da”

Manuela Jauregi arrantzalea da eta duela 25 urtetik hona, bere senarrarekin batera olagarroa eta eguneko arraina harrapatzen aritzen da Getarian, Manuela itsasontzian. Mattin Jauregirekin mintzatu da ontzi barrutik, eta azken urteetan sumatu dituen aldaketak azaldu ditu.


2024-05-31 | Estitxu Eizagirre
Europako laborantza politika ulertzeko klase magistrala Iker Elosegiren eskutik

Euskal Herriko Laborantza Ganbarako koordinatzailea mintzatu da Egonarria saioan. Laborantzako eredu talkaz hitz egitean eta traktoreak kalera atera direnean, beti aipatzen da ditxosozko erderazko "PAC"-a, hau da, Europako Nekazaritza Politika Bateratua. Europako... [+]


2024-05-23 | Estitxu Eizagirre
“Presen erruz ibaiak guztiz zatituta daude”

Arturo Elosegi biologian katedraduna da, Ibai Ekologia ikerketa taldeko kidea eta unibertsitateko irakaslea. Egonarria saioan Eli Pagolarekin mintzatu da ibaiek duten garrantziaz, izan ere, ura garbitzeko gaitasun handia dute eta mundu mailan ekosistema dibertsoenetakoak dira... [+]


Eguneraketa berriak daude