argia.eus
INPRIMATU
Zer ikasi dugu Harrisburgen eztandaren ondoren?
  • Three Mile Island zentraleko istripu nuklearraren 38. urteurrena bete da, AEBetako historiako larriena, eta munduko hirugarrena. Zentralak ihes bat izan zuen eta substantzia erradioaktiboz betetako burbuila bat zabaldu zen zentraletik kanpo. Harrisburgen irakaspena, baina, ez zen nahikoa izan Txernobyl eta Fukushimako istripuak saihesteko, ezta zentral nuklearrak ixteko ere.  

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko martxoaren 30a
Three Mile Island zentral nuklearra

1979ko martxoaren 28an industria nuklearrak ezinezkotzat jotzen zuena gertatu zen Three Mile Islandeko zentralean: ihes baten ondorioz hozteko likidoaren jarioa eten eta erreaktorearen nukleoa urtu zen. Ondorioz, nukleoaren tenperatura kontrolik gabe igotzen hasi zen, baina inor ez zen konturatu, hamar ordu igaro arte. Hidrogeno burbuila handi bat sortu zen, tritio erradiaktibo askorekin, eta zentraletik kanporatu zuten, leherketa saihesteko. AEBetako Nuklearrak Erregulatzeko Batzordeko ikuskatzaileek sekretuan mantendu zuten gertatutakoa bi egunez.

Istripuak osasunarengan eragindako kalteen inguruan eztabaidak izan dira. Datu ofizialen arabera 10 milioi kurio irten ziren; txosten independente baten arabera, ordea, zifra hamar bider handiagoa izan zen. Ecologistas en Acción taldearen arabera, hartutako neurriak eskasak izan ziren. Istripuaren ondoren inguruko biztanleen gaixotasunak ugaritu egin ziren: sortzetiko malformazioak, minbizia eta arazo psikologikoak.

Harrisburgeko ezbeharrak ezbaian jarri zuen energia nuklearraren erabilera. Nuklearren aurkako oposizioa handitu zen, argi geratu zelako mota honetako zentralak arriskutsuak zirela, eta nuklearrak garestitu egin ziren, segurtasunerako inbertsioak handitu behar izan zituztelako.

Baina ez zen nahikoa izan industria nuklearra geldiarazteko. 1986an Txernobylgo istripua gertatu zen eta 2011n Fukushimakoa. Halere, egun 450 erreaktore nuklear daude munduan eta Espainiar Estatuan zentralen funtzionamendua 60 urtera arte luzatu nahi dute, Ecologistas en Accionek salatu duenez.