argia.eus
INPRIMATU
Zer hutsune ditu Mozal legearen erreformak?
  • Hamahiru erakundetako ordezkariek bat egin dute No Somos Delito plataformarekin eta, Herritarren Segurtasunaren Legea –Mozal legea– erreformatzeko negoziazioetan funtsezkoa den astean, Madrilgo Kongresuaren aurrean bildu dira aldaketa sakonagoak eskatzeko.

Xabier Letona Biteri @xletona 2022ko martxoaren 16a
Asteazken goiz honetan bildu dira Mozal legearen aurka Madrilen. (Arg.: No somos delito)

Mozal legearen erreformari buruzko negoziazioek dakarten azken aukera aprobetxatu beharra azpimarratu dute, eta aurkeztutako erreforma-proiektuan mantentzen diren hutsune nagusiak zeintzuk diren seinalatu dituzte. Erakundeek adierazi dutenez, badira aurrerapenak Espainiako Gobernuak planteatzen duen proposamenean, baina azpimarratu dute Herritarren Segurtasunari buruzko Legearen egungo zirriborroan zortzi elementu kezkagarri daudela honako gaietan.

Erresistentzia. “Erresistentzia, desobedientzia edo identifikatzeari uko egitea” (36.6a artikulua) eta "autoritatearekiko errespetu faltak” (37.4). Bi artikulu horiek herritarren segurtasunaren arloko zigorren %70 baino gehiago izan dira 2015 eta 2019 artean. Horietako bat ere ez da aldatu oraingo proposamenean.

Polizien irudiak. Segurtasun-indarren irudiak argitaratzeagatik zigorrak ez dira ezabatzen, eta horrek informazio-askatasuna larriki urratzen du.

Poliziaren fiskalizazioa. Ez da polizia-jarduna ikuskatzeko mekanismo independenterik ezarri, besteak beste, bere jardueraren arbitrariotasuna saihesteko eta egon daitezkeen salaketa faltsuak prebenitzeko.

Migratzaileen kanporatzea. Akordioak alde batera uzten du kanporatze laburtuak eta kolektiboak debekatzea (kanporatze beroak deiturikoak, nazioarteko zuzenbidearen aurkakoak).

Sarekada arrazistak. Zabalik jarraitzen du sarekadak eta identifikazio arrazistak egiteko aukera, eta hori ez dator bat nazioarteko hainbat erakundek emandako gomendioekin.

Prostituzioa. Ez da 36.11 artikulua ezabatzen. Artikulu hori aplikatzeak esan nahi du prostituzioan aritzen diren emakumeek eta salerosketaren biktimek leku isolatuetan egin behar dutela lan, eta, beraz, abusu-arrisku handiagoak izango dituztela.

Gomazko pilotak. Beti kalte gutxien eragiten duten bitartekoak erabili behar direla adierazten den arren, ez dago berariaz debekaturik segurtasun-indarrek gomazko balak erabiltzea.

Manifestazioa eskubidea. Aldez aurretik jakinarazi gabe manifestatzeko eskubidea aitortzen da, baina istiluak egonez gero, antolatzaileei zigorra ezartzen zaie.

Honako hauek dira parte hartu duten erakundeak: Amnesty International, Abokatuen Elkarte Librea, Madrilgo Etxebizitza Koordinatzailea, Defendatzen duena Defendatu, Kazetarien Sindikatuen Federazioa, Greenpeace, Irídia, No Somos Delito, Informazio Askatasunaren aldeko Plataforma, Rights International (Espainia) eta Manteroen Sindikatua.

Aipatutako erakundeek diotenez, funtsezko puntu horietan erreforma-proiektua aldatzen ez bada, gizarte-mugimenduen protesta-eskubidearen mehatxuei eutsiko zaie, komunikabideei informazio-askatasuna murrizten jarraituko zaie, eta migratzaileen, errefuxiatuen, prostituzioan aritzen diren emakumeen, salerosketaren biktimen edo etxerik gabeko pertsonen kolektiboen diskriminazioa eta babesgabetasuna betikotuko dira.