Europa mailan crowdfunding bidez babesik handiena lortu duen proiektua daL’Endema dokumental kataluniarra dagoeneko. Eta dagoeneko diot, hamaika egunetan bakarrik lortu dutelako helburu jarri zituzten 150.000 euroak lortzea. Oraindik 20 egun falta dira, eta beraz, jendea ekarpenak egiten ari da. Sarrera hau idazteko unean, 177.465€ jarri ditu jendeak, eta gora jarraituko duela dudarik ez.
L’endema, repostes per a decidir edo Biharamuna, erabaki ahal izateko erantzunak 2014rako amaitu nahi duten dokumentala da. Kataluniako independentziaren gaia jorratuko du, baina independentzia erreferendumean zer bozkatu erabaki ez duten horiei zuzenduta. Hortik izenburuko ideia: etorkizuna fundamentuz erabaki ahal izateko batek dituen galderen erantzunak. Zuzendaria Isona Passola izango da, sari pila irabazi dituen Pá Negre filmeko produkzio arduraduna eta Catalunya-España dokumentaleko zuzendaria, ikusi hemen azken honen trailerra. Ondorengoa dio proiektua azaltzeko orrian: "Kataluniarrok eraikitzear gauden Estatuari buruzko filmea da, eta behin betiko argumentu teknikoak jasoko ditugu, jendeak baietz erabakitzeko izan ditzaken beldurren aurkako pildorak bailiran".
Inkestek diotenez, Kataluniako konderriko herritarren %51k independentziaren alde bozkatuko luke balizko erreferendum batean, baina hauetatik %15 batek oraindik atzera egin lezake momentuko klima sozial eta politikoaren arabera.
Herritarren beste erdian, %20k aurka bozkatuko luke, eta gainontzeko %29a zalantzan dagoen jendea da. Azken honen erdia, hau da, %15, independentista izan gabe, gauzak ongi egingo lituzkeen estatu erradikalki demokratiko baten alde egon litekeela kalkulatzen dute dokumentalaren egileek. Horiek herrialde berri baten aldeko botoa eman dezaten konbentzitzea izango da proiektu honen helburua.
Zein alor ukituko ditu filmeak?
Beraiek diotenez, argumendu argi, solido, fidagarri eta kontrastatuak emateko asmoa dute, eta horretarako herrialdeko eta nazioarteko figurak elkarrizketatuko dituzte. Behin proiektua amaituta, “Beldurraren aurkako pildorak” izenburupean sarean jarriko dituzte ondorioak bideo solteetan.
Erantzun asmo dituzten hainbat galdera ere aipatzen dituzten webgunean:
Zer gertatuko da Kataluniak independentzia lortzen badu?
Ba al dakizue gure herrialdeak behar duguna baino energia gehiago produzi dezakeela?
Ba al dakizue gure hezkuntza proposamenak, hain mespretxatua izan denak, Frantzian eta Erresuma Batuan baino hobeto erraz dezakeela igogailu soziala?
Imaginatzen al duzue zer nolako eragin kulturala izan genezakeen gaur egun jada munduko hautazko kulturarik garrantzitsuena bagara?
Ba al dakizue gatazka sozialik gutxien duen Europako herrialdeetako bat izan gaitezkeela?
Noizko? Dena lotuta
Aurreprodukzioa 2013ko apirilean egingo dute, grabaketak 2013ko maiatzetik ekainera, postprodukzioa 2013ko uztailetik abendura eta beraz, estreinaldia: 2014ko urtarrilean. Dena prest 2014ko galdeketara buruak berotzeko! Filmea ateratzen dutenean komentatuko dugu blog honetan.
Eta amaitzeko, komentatu, Facebooken hasi direla independentziaren aldeko lan horretan. Aipu borobilak inprimatuta dauzkaten irudiak modan jarri dira Facebooken azken aldian, eta L’Endema-koak halako material independentista zintzilikatzen hasi dira. Hemen adibide bat.
Oharra: Artikulu hau Lander Arbelaitzen Taupadak blogetik hartua da. Bertan estaturik gabeko nazioen albiste gehiago topatuko dituzu.