Maria Txibite lehendakariak koronabirusaren aurkako neurri murriztaileen amaiera iragarri zuen asteartean. Horrek hainbat galdera, zalantza sortu ditu herritarren artean. Horiei erantzuten ahalegindu gara.
Ostiralean, bertan behera geratuko dira Nafarroako Gobernuaren covid 19arekin aurkako neurri murriztaile guztiak, Hezkuntzarekin eta Kirolarekin loturiko zenbait izan ezik.
Nolanahi ere, musukoa erabiltzeak derrigorrezkoa izaten segituko du barrualdeetan, baita kanpoaldean ere, baldin eta ezin bada metro eta erdiko segurtasun distantzia mantendu. Besteak beste, musukoaren erabilera Espainiako Gobernuak arautzen duelako.
Pandemiaren aurreko egoerara itzuliko gara, salbuespen batekin: kirola.
Beraz, ostalaritzan, konparaziora, tabernetan barran kontsumitzerik izanen da. Dantzalekuetan dantzatzerik. Kontzertuetan zutik egon.
Ostalarien elkarteek pozik hartu dute albistea, baina kezka bat azaldu dute: ea nork kontrolatuko duen musukoaren erabilera baldintza horietan.
Kirol ikuskizunetan edukierak eta protokoloak Espainiako Gobernuak eta erkidegoek adosten dituztelako. Gaur goizeko zortzietan hain justu bilera abiatu dute. Eta bilera horretan Nafarroako Gobernuak Sadarrek %100eko edukiera berreskuratzearen alde eginen du.
Aurrerapauso bat behintzat izanen da: Lehen Hezkuntzako talde batean positibo bat atzematen dutelarik, taldeko kide guztiek ez dute berrogeialdia egin beharko. Koronabirusa atzemateko probak eginen dizkiete. Haur Hezkuntzan, ordea, berrogeialdiekin segituko dute.
Argitzeko dago zer gertatuko den gainontzeko protokoloekin. Ikasleek egunean zazpi ordu ematen dituzte musukoa jantzita. Patioan eta gimnasia egiterakoan maskara jarrita eduki behar dute.
Nafarroako Gobernuak dio hori gaur erabakiko dutela, Espainiako GObernuarekin eta gainontzeko erkidegoekin eginen duten bileran. Baina Nafarroako Gobernuak berez badu hezkuntzako protokoloak bere kaxa erabakitzeko eskuduntza.
Beste kontu bat: jardunaldi jarraitua. Badirudi abendura arte ez dutela berraztertuko.
Erabakigarriak izan dira, horretan zalantza izpirik ez zuten azaldu atzo Maria Txibite lehendakariak eta Santos Indurain kontseilariak.
Indurainen datuen arabera, 12 urte baino gehiagoko 10 nafarretatik 9k txerto osoa jasoa dute. Populazio osoaren %77 hain zuzen ere. Horri esker, 2.900 kutsatze ekidin dira, eta 1.300 heriotza.
Txertaketan gehien atzeratu den adin tartea, 30 eta 39 urte artekoa.
Atzo 23 positibo atzeman zituzten Nafarroa Garaian. Kutsatze kopurua Nafarroan kutsatze kopuruak behera egin du azken hamar asteotan etenik gabe. Positibotasuna %2koa izan da azken hamar egunean. 14 egunean pilaturiko intzidentzia 100.000 biztanleko 53koa zen atzo. Sarri 50etik jaitsiko da. Arriskua, beraz, baxua da. Hamabi lagun daude ZIUetan. 27 ospitaleraturik.
Indurain kontseilariak atzo iragarri zuen ahalik eta lasterren saiatuko direla osasun sistema publikoko maila guztietan pandemiaren aurreko aurrez aurreko artzatze maila berreskuratzen. Horren premia larrian gaude.