argia.eus
INPRIMATU
Zergatik bota dituzte Txinako Alderdi Komunistatik bi Defentsa ministro ohi?

Mikel Aramendi 2024ko uztailaren 02a
Wei Fenghe (2018-2023) eta Li Shangfu (2023), egotzi egin dituzte Alderditik eta Armadatik, gaizkintza larriak leporatuta.

Bi prentsa-ohar, antz-antzekoak baina zein bere ñabardurekin, plazaratu zituen joan zen ostegunean, ekainak 27, Txinako Alderdi Komunistaren Politburoak, hilean behin egin ohi duen osoko bilkuraren karira. Haien edukia, haatik, ez zen batere ohikoa: bi Defentsa ministro ohi, Wei Fenghe (2018-2023) eta Li Shangfu (2023), egotzi egiten zituzten Alderditik eta Armadatik, gaizkintza larriak leporatuta.

Hain da ezohikoa gertakaria, ezen antzeko ezer aurkitzeko 1971ra joan beharko genukeela, Lin Biaok kargu beretik estatu-kolpea eman nahi eta huts egin zuenekora. Edo 1959ra, Peng Dehuai, Maorekiko desadostasunagatik, kargu beretik eraitsi zuteneko hartara. Aspaldi samarreko aurrekarietara, beraz.

Prentsa-oharrek kargugabetuei egozten zizkienak, ordea, iraganeko haiekin parekotasunik gabeko zioak iradokitzen zituzten. Onar liteke “ustelkeria” kontzeptuaren baitakoak liratekeela zergati horiek (eta Mendebaldean albistea aintzat hartu duten hedabide bakanek hari heldu diote). Baina esango nuke akusazioen muina ez duela hitz horrek islatzen.

Izan ere, akusazioak liokeenez, diru-kontuak baleudeke tartean, baina ez lirateke funtsezkoenak izango. Behintzat, kargugabetuei gutxiago leporatzen zaie pertsonalki aberastu izana bestelako hoben batzuen aldean: “Partiduarekiko fedea eta leialtasuna galdu” izana; “jatorrizko misioari traizio egin eta Partiduaren espiritu eta printzipioei uko egin” izana; “Partiduaren eta Batzorde Militar Nagusiaren konfiantzari iruzur egin” izana.

Nola? Zertan? Oharrek, jakina, ez dute hori argitzen. Baina hutsegitearen tasuna “larria baino larriagoa, haren eragina ezin okerragoa, eta kaltea bereziki handia” dela diote; eta “Partiduaren kausa, nazio-defentsa eta eraikuntza militarra, baita lider gorenen irudia ere” biziro kaltetu dituztela biek ala biek.

Aurreko astean, Xi Jinpingek eta Batzorde Militar Nagusiak Yan’an-go “santutegi” iraultzaile historikoan antolatutako “gogo-jardun militarretan” egon ziren ehunka (bostehun bat, gutxienez) jeneralek argibide gehiagorik jasoko zuten, ziurki, zuzenean edo zeharka, ezagunak ez ezik, batzuentzat lagunak ere izango ziren biez (eta haien egoera bertsuan aurkitu daitezkeen maila apalagoko hainbat kidez).

Pasa den irailean Li Shangfu jarduera publikotik desagertu zenean hipotesi pintoresko samarrak ereiten saiatu zirenek ere orain argi-izpirik ez digutela aurreratu ahal ikusita, orduan jada generabilen burutapenari eutsi beharko diogu besteok: Defentsa ministro izan aurretik ere, misil-armadaren hornidura eta kudeaketan bete-betean arituak diren Weik eta Lik, agian, iruzur egin ziotela aginte gorenari haietako garrantzitsu baten benetako tasunen inguruan... Aginte gorena jabetu den arte.

Hala bada, inoiz argi eta garbi esango ez zaigun zerbait da.