Dekonfinamenduaren bigarren fasean sartu da Ipar Euskal Herria astelehenean eta horri esker aurretik egin ezin ziren hainbat jarduera berreskuratuko dituzte Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako herritarrek.
Fase aldaketari esker, ostatuak eta jatetxeak ireki ahal izango dira aurrerantzean. Langileek maskara jantzi beharko dute, hori bai. Eta ber gauza egin beharko dute bezeroek ere, ostatu barruan direlarik bederen. Gainera, jatetxeetan gehienez hamar laguneko mahaietan elkartu beharko dira herritarrak eta mahai batetik bestera metro bateko distantzia jarri beharko da gutxienez. Horrez gain, ostatuetan zutik kontsumitzea debekatua da oraindik.
Edouard Phillippe Frantziako lehen ministroak fase berri honetarako iragarri dituen beste aldaketa batzuk honakoak dira: hezkuntzan, lehen mailako ikastetxe guztiak irekiko dira eta kolegioen kasuan, hirugarren eta laugarren mailak astelehen honetatik aurrera martxan izango dira. Lizeoen kasua desberdina da: astelehenetik aurrera irekiko dira horiek ere, baina itzulera leku bakoitzeko egoeraren arabera eginen da.
Hotelak eta aterpetxe turistikoak ere berriz ireki daitezke astelehenetik aitzina, baita kiroldegi, jolasleku, parke eta antzokiak ere, ez lehen bezala ordea, edukiera mugekin eta segurtasun neurriekin baizik. Zinema aretoek zorte txarragoa eduki dute: ekainaren 22ra arte itxita segi beharko dute.
Philippek iragarritako planetan, data hori garrantzitsua bihurtu da, izan ere, ekitaldi handiagoak baimenduta geratuko dira, hori bai, 5.000 lagun baino gehiago ez biltzeko baldintzarekin.
Aldaketa handiak dira, kontuan izanik Ipar Euskal Herriko biztanleek konfinamendua hasi zenetik ezin izan dutela 100 kilometro baino urrunago joan. Hemendik aurrera, Frantziako Estatuaren mugetan betiere, urrunago joan ahalko dira. Philippek iradoki du, gainera, ekainaren 15etik aitzina Ipar eta Hego Euskal Herriak bereizten dituen muga ireki daitekeela –antzeko eskaria egin zion Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari, baina astelehenean jakin denez, Sanchezek uko egin dio momentuz–.