Larunbatean ospatu zuten ‘Zer esana’ eguna Lekeition proiektua aurkezteko. Web telebista bat jarriko dute martxan.
Lekeitioko gazteek 'Zer esana’ proiektu komunikatiboa jarri dute martxan. Aurretik, proiektuak zeukan ibilbidearen jarraipena emateko asmoa erakutsi dute gazteek. Urte guztian zehar proiektuaz eztabaidatu ondoren aurkeztu dute proiektua: “Lekeitiarrontzako tresna erreferente izatea nahi dugu”.
Formakuntzaz gain, gazteen helburua informatzea eta entretenitzea ere izango da. Horretarako, web telebista bat jarriko dute martxan. Saioak atal desberdinak izango ditu: aurreko hilabetea laburtuko duen atala, albisteen gune bat eta elkarrizketa txoko bat.
Larunbatean, ‘Zer esana’ eguna baliatu zuten proiektua aurkezteko. 220 gaztetik gora bildu ziren egunaz gozatu eta tresna aurkezteko asmoarekin. Egitarau oparoa izan zuten: proiektuaren aurkezpena, paella txapelketa, elektrotxaranga eta abar.
Gazteen arteko harremana sortzeko eta elikatzeko baliatu nahi dute proiektua. Horregatik, dei egin dute proiektuan parte hartu nahi duen orori ateak zabalik dituela.