argia.eus
INPRIMATU
Zer esan nahi dute ‘begiratu’, ‘ulertu’ eta ‘pertsona’ hitzek?
Andoni Tamayo Arrizabalaga 2024ko urriaren 14a

Ez da akaso harrotasun seinale nire aurrean dauden pertsonak pertsona izango ez balira bezala begiratzea? Bai, noski baietz. Baina nola espero dugu bestela besteak ulertzea? Ulertu, behatu, begiratu. Besteak ulertu nahi izateak, ez du jarrera harro hau eskatzen? Ni pertsona izatea zer den badakidala, zu ulertzea behar dut; alabaina, zu pertsona bazina jada ezagutuko zintuzket.

Hortaz, besteak ez-pertsona gisa ulertu baino lehen, ez dugu guk, nik alegia, neure burua pertsonatzat hartu behar? Besteak zer diren esateko, adierazteko, nire nortasuna ezagutu behar dut. Haiek, gu, ni… Nor dira? Nor gara? Nor naiz? Pertsonak ez-pertsona balira bezala ulertzen dituen pertsona naiz ni? Ondorioz, nik haien aurre eta haiek nire aurre? Eta zer pasatzen da gu eta gutarrekin? Zer esan nahi du “gu” izateak? Zerk definitzen gaitu? Alteritateak ala berdintasunak; hau da, gu pertsonok haiek, ez-pertsonak, kontran edukitzeak ala denok pertsonak izateak. Azken kasu horretan, zerk inportako luke gu guztiok pertsonak ala ez-pertsonak izatea, ez luke berdin emango, ez ginateke dena den berdinak izango? Ez da hori inportanteena, denok berdinak garela, inor ez dela diferente?

Arazoak, aldiz, ez gaitu gu (nortzuk gara “gu” hori?) bakean uzten. Pertsonak eta ez-pertsonak, zein da ezberdintasuna? Denok pertsonak garela esatea edo denok ez-pertsonak garela esatea, ez da gauza bera? Ez, ez da. Gu, pertsonak, ez gara haiek, ez-pertsonak. Ni, pertsona, ez naiz hura, ez-pertsona. Gu, ez-pertsonak, ez gara haiek, pertsonak. Ni, ez-pertsona, ez naiz hura, pertsona. Ze nahaste-mahastea hau, ezta? Zenbat ni, zenbat gu, zenbat haiek… Berriz botako dut galdera, nortzuk gara “gu” hori? Nor da “ni” hori? Pertsona bagara, eta gu horren barne ni ere banago, badakit zer naizen, hots, “persona”, “prosopon”, antzezle, maskara baten jabe, nortasun finko bat, nitasun ziur bat. Kontraz, zer esan nahi du ez-pertsona izateak? Ez dakit... Ni pertsona naiz… Erne! Ez hain azkar, benetan naiz pertsona? Askotan zalantza da nire ziurtasun bakarra eta beti nago beldur nire maskara ez ote den apurtuko, nire nortasuna, hain hauskorra den nire nitasuna, ez den kolokan jarriko. Antza denez, ez naiz nik uste nuena, ez naiz pertsona, ez-pertsona baizik; izan ere, ni ez naiz nire nortasuna denbora gehiagoz, ni nire beldurrak, zalantzak, zauriak eta arrakalak naiz.

Ziur zaude pertsona zarela? Kalera ateratzen zaren hurrengoan, nondik begiratuko dituzu zure ingurukoak, nola ulertuko dituzu? Zer esan nahi du hitz honek, ulertu hitzak, agian begiratu hitzaren sinonimoa da?

Eta parte naizen gu hori, parte naizen pertsonen talde hori, zer izango da beraietaz? Jada ez naiz beraien parte, orain gu hori haiek batean bihurtu da. Beraz, lehen haiek zirena, orain nire gu eta gutarrak dira? Kontuz, lasterregi goaz, agian gure nortasuna mehatxatuta ikusten dugulako… Haiek, hasieratik, ez-pertsonak ziren, ni, ordea, pertsona. Arestian aitortu dugu, edo dut, jada ez dakit… Nire nortasuna, nire nitasuna, pertsona naizen hori, egiatan ez-pertsona dela; hau da, betidanik izan naiz ez-pertsona, betidanik haiek gu izan gara, betidanik ni haien parte izan naiz. Arazoari buelta eman diogu? Gerta liteke nortzuk garen jakitea? Gu ez-pertsonak gara, haiek, aldiz, pertsonak. Hala ere, honek hasierako egoeran uzten gaitu, gu haien aurka, ez-pertsonak pertsonen aurka, borrokaren noranzkoak ez du garrantzirik. Edozein modutan ere, pertsonek harrotasunez begiratzen gintuztenean, nindutenean, ni ulertu nahian, hango arakatze lan horietan, zer ari ziren gugan bilatzen? Ez lirateke beraien nortasuna bilatzen egongo? Beraien nitasuna ulertzen saiatzen?

Amaitzen joateko, nahaste-borraste honekin bukatzeko eta hainbeste joan-etorri horiek guztiak behingoz gelditzeko, idazleak, bere harrotasunetik, hurrengoa esan nahi dizu, irakurle agurgarria: galdera horien guztien atzean eta zentzugabekeria horien artean, benetako hausnarketa dago (nitaz eta gutaz fidatu)... Den-dena irakurri baduzu, galdetu iezaiozu zeure buruari zergatik egin duzun. Zergatik esfortzatu zara nire txantxak ulertzen eta lerro hauek begiratzen? Ziur zaude pertsona zarela? Kalera ateratzen zaren hurrengoan, nondik begiratuko dituzu zure ingurukoak, nola ulertuko dituzu? Zer esan nahi du hitz honek, ulertu hitzak, agian begiratu hitzaren sinonimoa da? Nola begiratzen duzu zuk, nola ulertzen duzu zuk? Irakurtzea ez da begiratzea, ez da zeure burua ulertzen saiatzea? Eta idaztea, ez da nire, zure, gure, zuen eta haien, zalantzak eta zauriak arakatzea eta ikertzea? Hortaz, barkamena eskatu nahi dizut, irakurle laguna, hau guztia pertsona zela uste zuen ez-pertsona baten auto ikerketa lana izan baita.

Andoni Tamayo Arrizabalaga, filosofoa