argia.eus
INPRIMATU
Zer entzun ahalko da aurtengo Gernikako Lekuek festibalean?
  • Aurtengo edizioan joko duten musikariak zein izango diren jakinarazi du Gernikako Lekuek festibalak. Bizkaiko herrian antolatzen den festibal berezia martxoaren 9tik 16ra bitartean ospatuko da aurten, Euskal Herriko eta atzerriko artistak elkartuz.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2019ko otsailaren 06a

Estilo aldetik askotarikoa izateagatik eta kontzertu bakoitzari giro propioa ematen saiatzeagatik nabarmentzen da Gernikako Lekuek. Aurtengoa seigarren edizioa da eta lehen begi kolpean iazko kartelean bezain izen ezagunak ikusten ez diren arren, etxeko eta atzerriko musikariak nahastuz koktel erakargarria prestatzen asmatu dute.

Ska eta reggae doinuak izango dira nagusi lehenbiziko egunean: martxoaren 9an, larunbata, 8º6 Crew talde paristarrarekin hasiko da jaialdia Astran eta haiekin batera ariko dira Kaleko Urdangak, azkenaldian Euskal Herriko punk-oi taldeen artean zeresan handiena ematen ari den banda.

Beste erregistro batera pasako da festibala biharamunean: Maite Larburuk, orain arte Neighbor taldean aritu den abeslariak, bakarkako proiektua aurkeztuko du Trinkete Antitxokoan, antolatzaileen arabera “lagunarteko kontzertua” izango den saioan. Leku berean, martxoaren 15ean, Vancouvers taldeak joko du eta 16an berriz eskaintza bikoitza: Moxal batetik, Joseba Irazoki eta lagunak bestetik.

Martxoaren 11n berriz, Amoranteren kontzertua ikusteko aukera izango da. Iban Urizarren bakarkako proiektu honen ezaugarri behinenetako bat esperimentazioa da eta haren proposamenak aparteko testuingurua aurkituko du Gernikan: Astraren ondoan dagoen bunkerrean izango da kontzertua.

Beste zita batzuk ere aipagarriak dira, adibidez, Mr. Sipp blues musikari estatubatuarrak Iparragirre Rock Elkartean martxoaren 14an egingo duen saioa edo biharamunean, 15ean, Mississippi Queen & The Wet Dogs eta The Soul Jacket taldeek eskainiko dutena. Bilbokoa da lehenbiziko taldea, soularen eta rockaren artean mugitzen da eta iaz argitaratu zuten estreinako lana. Ibilbide luzexeagoa dauka The Soul Jacket talde galiziarrak, 2011n debutatu zuten eta geroztik ez dute jaka aldatu: soul-ez egina dago, bai, baina baita blues, R&B eta rock and rollez ere.

Ostiral horretan bertan Lizeo antzokian Núria Graham bakarlari kataluniarraren sofistikazioaz gozatzeko aukera izango da eta hilaren 16an berriz, Antonio Lizana Trio taldearen jazz eta flamenko uztarketaz.

Artistaz beterik dagoen egitarauan, ezin aipatu gabe utzi martxoaren 16rako Gernikako Lekuek-en antolatzaileek Iparragirren prestatu dutena: Datcha Mandala talde frantziarraren hard-rocka entzun ahal izango da batetik eta DobleCapa talde espainiarraren deskarga elektrikoak jaso, bestetik.

Hori guztia eta gehiago, Gernikako tabernetan doako kontzertu ugari izango baita martxoaren 9tik 16ra bitartean. Bonuak eta kontzertu bakoitzerako sarrerak dagoeneko eskuratu daitezke Astran, Ospa eta Aterpe tabernetan eta Bermeoko Talako Kantinan, baita Gernikako Lekuek festibalaren webgunean ere.